'Hogei' film laburrarekin, zinemagile handien pare
Unibertsitate lan huts batetik harago doa Ainhoa Mariscal ikaskide batzuekin gauzatzen ari den proiektua. 'Hogei' izeneko film laburra ari dira grabatzen, eta ekainaren 10erako izango dute amaituta.
Ainhoa Mariscal (Legazpi, 2001) zine zuzendari handien pare dabil azken egunetan, bere lantaldearekin batera Hogei fikziozko film laburraren grabaketan murgilduta. Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua ari da ikasten, eta ikasturte amaierako lanetako bat da.
Mariscal zuzendariarekin batera, Oier Abarrategi zuzendari laguntzailea, produkzio alorreko Lorea Elorriaga, Helena Perez arte zuzendaria, Luken Ugarteburu argazki zuzendaria eta Peru Atxa soinu zuzendaria dira proiektuko beste partaideak. Guztiak, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko hirugarren mailako ikasleak dira.
Lanean ez ezik, proiektuaren kostu ekonomikoari aurre egiteko crowfunding kanpaina batean ere murgilduta dago taldea.
Nora neskatoa protagonista
Unibertsitateko lan bezala sortu zen Hogei. Film labur baterako gidoia egiteko eskatu zieten ikasleei, eta haietatik zortzi aukeratu zituen Izaskun Arandia irakasleak. Mariscalek eta bere taldeak zortzi haietatik bat hartu zuten, eta moldaketak egin zizkioten Hogei izango zena lortu arte.
Behin-betiko gidoia eskuetan, film labur bat egiteak eskatzen dituen prozesu guztiei ekin zieten ondoren. Babesleak bilatzea, komunikazio kanpaina diseinatzea, gidoi teknikoa idaztea, grabaziorako plana zehaztea, aktoreak hautatzea, atrezzoa aukeratzea, argiztapena erabakitzea, kokapena bilatzea… egun hauetan grabaketak egiten ari dira, Trebiñun.
Baso batean gertatzen da filmaren bederatzi minutuko trama. Aisha neskatoak interpretatzen duen Nora da protagonista basoan gurasoekin ezkutaketan ari dela, ama hilda eta aita ondoan aurkitzen ditu, inguruan odolez beteriko labana dagoela.
Diru bilketa kanpaina
Ekainaren 10erako amaituko dute lana, eta publikoaren aurrean hemendik gutxira Otxandion (Bizkaia) egin nahi duten festan zehar aurkeztuko dute. Hurrengo urteko Huhezinema jaialdian ere izango da ikusgai, eta zinema jaialdi gehiagotara eramateko asmoa dute. Crowfunding kanpainan filmaren laguntzaile eginda ere ikusi ahal izango da.
Izan ere, gastuei aurre egiteko, www.itsulapikoa.eus plataforman crowfunding edo diru bilketa kanpaina digitala dute martxan. Gutxienez 2.500 euro behar dituzte, eta lortzeko bidean daude. Diru ekarpen bat eginez lagundu nahi duenak, hilaren 31ra arteko epea du. Diru kopuruaren arabera (5 eurorekin hasi daiteke), hainbat opari eskaintzen dituzte zinegile horiek trukean. Laguntzaileei eskerrak emateko modua da.