Beasainek mailaz igotzea lortu du
Beasainek Espainiako Futbol Federazioaren 2. mailara igotzea lortu du. Igoera faseko hirugarren eta azken kanporaketa irabazi du Txantrea 3 eta 0 garaituta.
Espainiako Futbol Federazioaren 2. mailara igotzeko hirugarren eta azken kanporaketa jokatu du gaur Beasaingo gizonezkoen taldeak. Madrilen aritu dira, Las Rozaseko Dehesa de Navalcarbon zelaian. Bertan, Txantrea talde nafarra garaitu dute, 3 eta 0.
Penaltiz egin dute lehen gola beasaindarrek, Ximon Arangurenek sartu du 22. minutuan. Partidaren zati handienean 1-0 irudikatu du markagailuak; baina, azken minutuetan, Beasainek norgehiagoka erabakita utzi du. 81. minutuan bigarren gola iritsi da, Mikel Orbegozok sartu du, hori ere penaltiz. Orbegozo berak egin du hirugarrena ere, 90. minutuan.
Horrela, beasaindarrek mailaz igotzea lortu dute eta, datorren denboraldian, Espainiako Futbol Federazioaren 2. mailan arituko dira. 20 urteren ostean itzuli dira beasaindarrak maila horretara. Garaipena bertatik bertara bizi izan dute zenbait zalek, Madrilera autobusez joan baitira.