Arrakastaz itzuli da Iñaki Beitia mendi martxa
Bi urteko etenaren ostean, Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa ospatu dute Urretxun eta Zumarragan. Mila lagun baino gehiagok ekin diote 31,5 kilometroko ibilbideari.
Gotzon Aranburuk egindako bideoa
Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxaren 24. edizioa ospatu dute gaur. Pandemia dela eta bi urtez bertan behera utzi behar izan dute martxan, baina aurtengoan indartsu itzuli da: 1.180 lagunek eman dute izena. Halere, 2019ko edizioan bezala, gaur ere eguraldiak gogortu du proba. Orduan, euria izan zuten; gaur, aldiz, beroa. Hori dela eta, zenbait partaidek ibilbide osoa ez egitea erabaki dute; batzuk, esaterako, autobusez itzuli dira Aizpurutxotik. Halere, antolatzaileen arabera, gutxienez, 850 lagunek osatu dituzte ibilbideko 31,5 kilometroak.
Areizaga-Kalebarren plazan ekin diote martxari 7:00etatik 7:30era. Ibilbideak 1.700 metroko desnibela du eta, tartean, zenbait kontrol gune igaro dituzte: Izazpin, Samiñon, Aizpurutxon eta Irimon. Puntu horietatik igaro ostean, Areizaga-Kalebarren plazara itzuli dira ibilbidea osatzea lortu duten ibiltariak.
Bestetik, parte hartzaileek lau anoa gune izan dituzte indarrak berreskuratu ahal izateko. Gainera, Aizpurutxon zein helmugan, sinadura bilketa egin dute Capital Energy enpresak Irimon eta Oletan egin nahi dituen zentral eolikoen aurka. Guztia aurrera eramateko, antolatzaileen lana ezinbestekoa da. Guztira, ehun boluntario baino gehiago batu dira: sukaldariak, anoa guneetako arduradunak, helmugakoak edota kontrol lanak egin dituztenak besteak beste.