Igandean, haurrak izan dira protagonista Idiazabalen
Idiazabalen antolatutako festa asteburuari amaiera eman diote gaur. Erraldoiak, buruhandiak, herri kirolak eta haurren danborrada izan dira besteak beste.
Azken urteetan Sanblasak ospatu ezin izan dituztenez, festa asteburua antolatu dute Idiazabalen. Ostiraletik hasita, ekitaldi ugari egin dituzte Idiazabal Jai Jai lelopean. Gaur, azken eguna ospatu dute eta iluntzean asteburu bereziari amaiera eman diote.
Haurrak izan dira eguneko protagonista nagusiak. 11:30ean hasi da eguneko egitaraua. Lazkaoko erraldoiek, buruhandiek eta dultzaina jotzaileek esnatu dituzte idiazabaldarrak. Gazteenak gustura aritu dira korrika, buruhandiengandik ihesi. Ondoren, herri kirol saioa egin dute plazan.
Arratsaldean, gaztetxoenek hartu dituzte herriko kaleak. Haur danborrada arratsaldeko bostetan hasi da eta, Idiazabalgo kaleak zeharkatu ostean, frontoian amaitu dute. Jende ugarik jarraitu du desfilea herriko kaleetan eta frontoiko harmailak ere bete dituzte. Jarraian, Kantu Jira taldeak alaitu du Idiazabalgo giroa eta Segurako talogileak ere bertaratu dira. Arratsaldeko zortziak aldera, festei amaiera emateko, zezen suzkoa atera dute eta txistulariak ere aritu dira.