Bakardadearen inguruko Hariak estrategia aurkeztuko dute bihar Legazpin
Latxartegi parkean hasiko da aurkezpena, 16:30ean gaiari buruz egingo den belaunaldien arteko solasaldiarekin. Arpa jotzaile batek joko du gero, eta aretoan egingo dute ekitaldi nagusia 19:00etan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri erakundeak bakardadearen inguruan diseinatu duten Hariak estrategia aurkeztuko dute bihar arratsaldean Legazpin. Aurkezpena 16:30ean hasiko da Latxartegi parkean, eta 19:00etan Latxartegi aretoan egingo da ekitaldi nagusia.
Gipuzkoarren bakardade egoerak prebenitzeko, horiei aurre egiteko edo egoera horietan laguntzeko estrategia da Hariak, eta pertsonak, egiturak, jarduerak, laguntzak eta tresnak biltzen ditu. Dekalogo batean oinarritzen da, eta hauek dira dekalogoaren hamar puntuak:
- Bakardadeak batzuetan aukeratu egiten dira, eta beste batzuetan ez. Ulertzen dut eta errespetatzen dut.
- Bakardadeak gure gizartearen osasun morala ere erakusten du.
- Horretaz jabetuta eraikitzen dut nire bizi-proiektua. Aurre egiteko tresnak dauzkat.
- Elkar behar dugu. Indibidualismoa baino lehen interdependentzia aukeratzen dut.
- Familia, komunitatea eta zaintza: ezinbestekoak bakardadeak gainditzeko.
- Komunitate baten parte gara. Afektuzko, errekonozimenduko eta kide izateko gizarte-loturak sustatzen ditut.
- Harremanak errazten ditut adeitasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarrituta, eguneroko-tasunean.
- Komunitate bereko kide gara. Konpromisoa hartzen dut eta parte hartzen dut.
- Gizarte inklusibo baten ardatzak, non denok lekua dugun.
- Bizitza besteekin elkartzea delako, bakardadearen aurrean bizikidetza-hariak ehuntzeko konpromisoa hartzen dut.
Biharko aurkezpen ekitaldirako, hamar puntu horiek irudikatzen dituzten hamar banku jarriko dituzte parkean, eta bertan gaiari buruzko belaunaldien arteko solasaldia egingo da. 18:30ean arpa jotzaile batek bakardadearen itxura egiteko hainbat pieza interpretatuko ditu parkean bertan, 19:00ean aretoan egingo den ekitaldi nagusirako atari gisa. Doinua Musika eskolako ikasleek parte hartuko dute aurkezpenean.
Jarduera horietan parte hartu nahi duenak izena eman dezake ekitaldiak@adinberri.eus edo haz@legazpi.eus helbideetan.