Ukrainako haurrentzako laguntza "gozoa"
Domingo Agirre eskolak elkartasun azoka egin zuen pasa den ostiralean, eta salgai jarritako gozoekin eta taloekin bildutako dirua Ukrainako haurrentzat izango da. 1.800 euro inguru bildu ziren.
Ukrainako haurrei zapore gozoa duen laguntza iritsiko zaie Legazpitik, joan den asteko ostiral arratsaldean, Domingo Agirre eskola publikoak egin zuen elkartasun azokari esker.
Tarta eta bizkotxo zatiak, erroskilak, gailetak, magdalenak, krepak, taloak… Denetik zuten salgai ostiral arratsaldean Ukrainako haurren alde herriko plazan jarri zituzten postuetan. «Beharrak dituzten umeei laguntzeko» Domingo Agirre eskolako Jai eta Elkarbizitza batzordeko gurasoek eta irakasleek urtero antolatzen duten azoka zen. Aurten bildutako dirua Ukrainako haurrei helaraziko diete, Hotz Legazpi elkartearen bidez. 1.800 euro inguru bildu ziren.
Beti bezala, ikasleek ere lagundu zuten, eta musikaz lagunduta, giro edarra jarri zuten plaza inguruan.
Gazta porra ere egin zuten, Makatza baserriak egindako gazta baten inguruan. Euro bateko apustuaren truke, gaztak zenbat pisatzen zuen asmatu behar zen. Pisua 1.275 gramokoa zen, eta saria, gazta bera, Saioa eta Vicenteren artean banatu zen