'Idiazabal Jai Jai', giro ederrean
San Blasak ez zituztenez ospatu, festa asteburua egin dute Idiazabalen. Paella jana eta txirrindulari lasterketak egin dituzte larunbatean, eta danborrada igandean.
San Blas jaiak ospatzerik ez zuten izan idiazabaldarrek otsailean. Horren ordez, Idiazabal Jai Jai festa ospatu dute aurreko astean hasi eta igandera arte. Asteazkenean helduentzako ipuin kontaketa egin zuen Monika Arratibelek, ostegunean Goierriko Mendizale Beteranoen ibilaldien ikus-entzunezkoa proiektatu zuten, eta ostiralean ekin zioten jai giroko egitarauari. Playback-a, elektrotxaranga eta Izurri Berria eta Nafarroa 1512 taldeen kontzertuak izan zituzten idiazabaldarrek.
Larunbatean, berriz, plater hausketa lehiaketarekin hasi zuten eguna, eta txirrindulari lasterketak izan ziren ondoren, adinka banatuta. Aiora Alberdik eta Oihan Zurutuzak, June Iparragirrek eta Lizar Erguinek, Haizea Erguinek eta Eneko Larreak, Sua Muruak eta Adei Zurriarainek eta Xabier Agirrek irabazi zituzten probak. 800 lagunentzako paella jana prestatu zuten eguerdian, eta arratsaldean Pantxo Balbuena mariatxi abeslariaren emanaldia eta Rezusta anaiek girotutako trikipoteoa izan zuten. Gauen, larunbata amaitzeko, Kilimak, Modu Operandi eta Zirkinik Bez taldeek kontzertuak egin zituzten.
Haurren txanda
Igandeko egitarauari Lazkaoko buruhandi eta dultzaineroen kalejirarekin ekin zioten, eta eguerdian herri kirolak izan zituzten. Arratsaldean herriko haurrek hartu zituzten kaleak. Haurren danborradak herriko kaleak zeharkatu zituen, desfilea frontoian amaitzeko. Kantu Jira taldearekin eta zezen suzkoarekin bukatu zen Idiazabal Jai Jai festa asteburua.












