Aittuk Loinatz Jaietan euskararen ikusgarritasuna bermatuko du
Beasaingo euskara elkarteak pegatinak eta txapak banatuko ditu Loinatz jaietan. Mintzodromoa ere antolatu dute.
Aittu euskara elkarteak pegatinak eta txapak banatuko ditu eta kirol-kamisetak salduko ditu Loinatz Jaietan. Euskarari ikusgarritasuna eman nahi diote.
Postua Zubimusu plazan jarriko dute, loinatzetako egun guztietan, 18:00etatik 20:00etara. Etzi, Erauskin plazan izango dira, dena den.
Pegatinak eta txapak dohainik eskuratu ahal izango dira. Kirol-kamisetengatik, aldiz, 20 euro ordaindu beharko da.
Mintzodromoa
Maiatzari dagokion mintzatertulia gaur egingo dute. Lazkaoko eta Ordiziako tertuliakideak ere hurbilduko dira Igartza Jauregira. 18:30ean elkartuko dira eta parte hartzea librea da. Ehunmilak izango da gaia. Mikel Valdivielso sortzaileak eta antolatzaileak kirol probaren nondik norakoak azalduko ditu aurrena eta, ondoren, talde txikietan banatuta, Ehunmilaken inguruan euskaraz arituko dira. Hori da topaketen helburua: askotariko gaiez euskaraz hitz egiteko eremuak sortzea.