Bakardadearen gaia lantzeko Hariak estrategia aurkeztu dute Legazpin
Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peña, Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastian eta Legazpiko alkate Koldobike Olabide arduratu dira aurkezpenaz. Latxartegi aretoan egindako ekitaldian Santikutz eta Doinua Musika Eskolako abesbatzek parte hartu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri erakundeak eta Legazpiko Udalak bakardadearen gaia lantzeko Hariak estrategia aurkeztu zuten atzo arratsaldean Legazpin, Latxartegi parkean lehenik eta gero aretoan egindako ekitaldiekin. Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peña, Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastian eta Legazpiko alkate Koldobike Olabide arduratu ziren aurkezpenaren alderdi instituzionalaz, baina Santikutz eta Doinua musika eskolako abesbatzek ere parte hartu zuten, beste batzuen artean. Jokoek, eskulanek, arpa emanaldi txiki batek eta Aizpea Goenaga antzezleak gidatutako solasaldi batek osatu zuten aurkezpena.
Hariak estrategiak gizarte eta komunitate loturak sendotzea bilatzen du, bakardadearen fenomenoari heltzeko. Azken helburua gai horri aurre egiteko Gipuzkoa osorako ibilbide orri bat ezartzea da, eta estrategiarekin bat egiteko gonbita luzatu diete arduradunek herritar guztiei.
Bakardadea, oso hedatuta
Duela bi urte hasitako parte hartze prozesu baten emaitza da Hariak estrategia. Abiapuntua, berriz, Bakardadeak azterlanak jaso zuen datu kezkagarri bat izan zen, bakardadea oso hedatuta dagoela erakusten duena: 55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen da, baina %5,5ak soilik onartzen dute modu irekian. Zenbaki horien aurrean, «bakardadeen gaiari heltzeko beharra» ikusi zutela adierazi zuen Peña diputatuak, «lehen mailako erronka baten aurrean gaude».
Hariak estrategia, Gipuzkoako bakardadeen aurrean jarduteko «gida gisa funtzionatzen duen tresna bat da, eta nahi ez diren bakardadeen aurkako borrokan jarduera zehatzak konprometitu eta finkatu nahi ditu». Gida edo estrategia horren dituen hiru helburuak ere zehaztu zituen peñak: «Bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea».
Estrategiak, bestalde, hamabi esku-hartze maila jasotzen ditu, eta espazio fisikoen eraldaketa, sentsibilizazioa, aisialdi eta boluntariotza jarduerak edo arrakala digitala murriztea aurreikusten ditu, besteak beste.
Legazpin lantzen ari den gaia
Legazpikoa da Hariak estrategia osatzeko prozesuan parte hartu duten 77 udaletako ba. Taldean 98 gizarte erakunde eta tokiko eragile, Osakidetzako 6 ESI, eta 20 enpresa eta berrikuntza zentro ere sartuta daude.
Legazpiko Udalean bakardadeekiko sentsibilitatea badagoela nabarmendu zuen Olabide alkateak, eta adibide gisa aipatu zituen gai horri eskainita berriki amaitu diren Gizarte Foroaren saioak, eta Belaunaldien arteko Legazpi proiektua. Ezkurrenean egin nahi diren etxebizitzak, edo herriko gizarte eragileen partaidetza duen GizarteLab proiektua ere aipatu zituen.