Galiziako 30 alkate eta diputatu atez atekoa ikusten izan dira
Zaldibian eta Itsasondon atez-atekoa nola erabiltzen duten ezagutu nahi izan dute Galiziako ordezkari politikoek.
Galiziako Pontevedra probintziako alkateak, diputatuak eta teknikariak Goierrin izan ziren, atzo, bisitan. Hondakinak biltzeko atez ateko sistema eta gai organikoa tratatzeko auzokonpost guneak ikusi dituzte.
Goizeko lehenengo orduan, Zaldibian jaso zuten atez ateko bilketari buruzko informazioa, 30 bat hautetsik eta teknikarik osatutako taldeak. Aurretik, Arabako Errioxan eta Usurbilen ere jaso dute.
Zaldibian, Eztitxu Mujika alkateak eta Mikel Luloaga Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zizkieten xehetasunak, udaletxean. Ondoren, Sasietako langileek ontziak nola jasotzen eta husten dituzten ere behatu zuten, kalean. Iñaki Erauskinek eta Enrike Enparantzak, ontzien kodeen irakurketen datu teknikoak eman zizkieten.
Zaldibia utzi, eta Itsasondora jo zuten ondoren. Han, hondakin organikoaren kudeaketa osoa herrian nola egiten duten ezagutu ahal izan zuten.