Gaztelekuko parte-hartze prozesurako izen-ematea irekita
Bi urtez itxita egon ondoren, apirilaren 30ean ireki zuten berriz ere gaztelekua.
Idiazabalgo gaztelekuko parte-hartze prozesurako izen-ematea irekita dago. Bi urtez itxita egon ondoren, apirilaren 30ean berriro ireki zuten gaztelekua. LH6, DBH1 eta DBH2ko gaztetxoentzako aisia hezitzailea eskaintzen duen zerbitzua eraikitze prozesuan dago, eta udan gaztelekua erabili nahi dutenek parte hartze prozesuan parte hartu beharko dute. Herri hezitzaile Oinherrin jasotako konpromisoekin bat eginik, berdintasunean eta elkar bizikidetzan oinarritutako lanketa egingo da gazteekin. Indarkeria matxista zein generoaren inguruko hausnarketa, bizikidetza jarrera eta konpromisoaren inguruko lanketa edota gaztelekuko ekintzen, funtzionamenduaren eta ordutegiaren definizioa izango dira parte-hartze prozesuaren ardatzetako batzuk.
Adinka banatuko dituzte parte-hartze prozesuko saioak, maiatzaren 28an, ekainaren 11n eta ekainaren 18an. LH6koek 17:00etatik 18:00etara izango dituzte, eta DBH1 eta DBH2koek, aldiz, 18:00etatik 19:00etara. Prozesuan parte hartu nahi dutenek izen-emate eta konpromiso orria bete beharko dute, aurrez liburutegian edo momentuan bertan.