Hamargarren txapela jomugan
Kilian Jornet Zegaman izango da, eta 10. garaipena lortzea izango du erronka. Probaren errekorraren jabeak ez dira lehiatuko aurten, ezta azken emakumezko irabazlea ere.
«Zegamatik mundura». Goiburu hori darabil Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren talde antolatzaileak aurtengo edizioa iragartzerakoan, ahalegin berezia egin behar baitute proba guztia plataforma ezberdinetan zuzenean jarraitu ahal izateko. Bigarren adiera bat ere izan dezake lema horrek, maiatzaren 29an abiatuko da baita Zegaman Salomon kirol etxeak sustatutako Golden Trail World Series txapelketa, sei probetan aurrenekoa. Frantzia, Norbegia, Suitza eta AEBak –bitan– zeharkatu ondoren, Portugalgo Madeira Uhartean jokatuko da aurtengo final handia.
Kilian Jornet mendi lasterkari kataluniarra izango da aurten ere arreta gune nagusia. Salomon etxearekin zuen kontratua eten, eta Nnormal ekipo berriarekin lehiatuko da. Aurrez bederatzitan irabazia, hamargarren garaipena izango du jomugan. Eta errekorra? Batek daki. Gaur-gaurkoz Stian Angermund-Vik norbegiarrarena da (3:45:05, 2017an), baina aurten ez da etortzekoa. Euskal herritarren artean, Aritz Egea urretxuarrak du errekorra (3:55:51, 2017an).
Emakumezkoetan bi hutsune nabarmen izango ditu aurtengoak. Azken irabazlea, Eli Anne Dvergsdal norbegiarra, ez dator, eta Maite Maiora mendaroarrak, errekorduna (4:34:27, 2007an), adierazia zuen ez zela izango. Maude Mathys eta Nienke Brikman dira hautagai nagusiak.
Denetik duen ibilbidea
Aratz-Aizkorri parke naturalaren barruan jokatzen da lasterketa, eta Euskal Autonomi Erkidegoko tontorrik garaienak zeharkatzen ditu, Aratz (1.443 metro, 16. km), Aizkorri (1.523 metro, 22,5 km) eta Aketegi (1.551 metro, 23,2 km), besteak beste. Plazatik abiatzen da (296 metro), eta zazpigarren kilometroan dagoen Otsaurteko mendatea da lehen jomuga nagusia (652 metro). Hortik gora, bidezidor eta kaltzadetan barrena, pagadi ederrak, haitz biziko malkar zakarrak eta mendi-larreak zeharkatuko dituzte lasterkariek.
Desnibel positiboaren zatirik handiena lehen 21 kilometroetan dago, eta eremu teknikoenak Aratzeko jaitsiera irristakorra eta Aizkorritik Urbiarakoa dira, Andraitz mendikoa (30. km) bera gutxietsi gabe. Hortik aurrerako bide zatia beheraka da ia, baso bideetan barrena, abiapuntu eta helmuga den plazara iritsi arte.