Kirol mailarik handieneko urtea
VIII. Kilometro Bertikalak emango dio etzi arratsaldean hasiera Zegama-Aizkorriko asteburuari. Igandean dira beste bi lasterketak: 21. mendi maratoia eta XI. junior traila. Munduko eta Euskal Herriko mendi lasterketari onenak elkartuko dira aurten ere.
Badator berriz ere. Bi urteotakoa erabateko etena izan ez bada ere, ohiko moldeko mendi lasterketekin gozatzeko asteburua du aurretik Zegamak. Etzi hasiko da mendiaren eta korrikalarien festa handia, Kilometro Bertikalaren VIII. edizioarekin, eta igandean izango du jarraipena, 21. Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta XI. Junior trail proba jokatuko baitira. Tartean, larunbatean, Top 10aren aurkezpena eta lasterketaren briefing-a izango da eskolako patioan (17:30).
Eta lehia gose horrek eraginda, inoizko maila handieneko lasterketa izango da aurtengoa. Ikusi besterik ez dago parte-hartzaileen izen zerrenda luzea, eta guztien artean pilatzen dituzten garaipen ugariak. Trail running-aren elitea Zegaman izango da, baina bi hutsune nabarmen ere bai: Stian Angermund-Vik eta Maite Maiora probaren errekordunak ez dira irteeran izango.
Ez dira erabat geldirik egon
Lasterketa ofizialik ez, baina bestelako ekimenak antolatu dituzte Zegama-Aizkorriren antolatzaileek 2020an eta 2021ean, eta horregatik erabaki dute aurtengo edizioa 21.a bezala izendatzea. «2020an mundu guztian zehar izena eman zuen edonork bete izan zituen 42 kilometroak. Iaz udara pasa genuen ekimena, eta hiru hilabetetan zehar Zegaman bertan egin ahal izan zen lasterketa; korrikalarien poltsa ere bazegoen! Nolabait gure burua egoera ezberdinetara moldatu izanari balioa emateko modu bat izan da aurreko edizioak ere kontuan hartzea», zehaztu du Maialen Arizkorreta antolatzaile taldeko kideak.
Aurtengoa betiko baldintzetan antolatzeko aukera izango zutela jakin zutenean abiatu ziren, baina «martxa hartzea kosta» egin zitzaien. «Lehen inertziaz egiten genituen gauza asko ez ziren bapatean ateratzen, baina dagoeneko hartu diogu». Boluntarioekiko ere bazuten kezka, bi urteok nola eragin ote zien neurtzen ez baitzekiten, baina erantzuna «oso ona» izan dela nabarmendu du. «Gogotsu daude gehienak haien aletxoa jartzeko. Gazteak ere oso indartsu datoz, eta esan dezakegu boluntario mailan behintzat erreleboa ziurtatuta dagoela».
Plastikoa murriztu
Aurtengo jarri duten helburuetako bat plastikoaren erabilera murriztea izan da. Korrikalari guztiek beraien edalontzia eraman beharko dute, eta seinalizazioan ahalik eta plastiko gutxien erabiltzen saiatuko dira.
Mendi maratoia lau hizkuntzatan jarraitu ahal izango da
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren emanaldi osoa zuzenean jarraitu ahal izango da aurten lehen aldiz, lau hizkuntzatan. EITBn euskaraz, TV3-Esports3-en katalanez, Teledeporten gazteleraz eta Golden Trail Worls Serieseko Youtubeko kanalean ingelesez.
Keniak ordezkaritza izango du lehen aldiz mendi maratoian
Zazpi mendi korrikalari keniarrek parte hartuko dute lehen aldiz Zegama-Aizkorrin, bi emakumezkok eta bost gizonezkok. Horietako lauk 15 egun pasa dituzte Zegaman haien entrenatzaile Octavio Perezekin ibilbidea ezagutu eta klimara egokitzeko.
Paraolinpiar jokoetan lehiatutako gazte bat izango da irteeran
Pekingo Paraolinpiar Jokoetan parte hartu zuen Pol Makuri eskiatzaile kataluniarrak maratoian parte hartuko du. Hemiprasia izeneko garun paralisia du jaiotzez, eta gorputzaren erdiari eragiten dio. Iraupen eskia egiten du.
GOIERRIKO HITZAk jarraipen berezia egingo dio maratoiari
Egunkari honek jarraipen berezia egingo dio asteburuan Zegama-Aizkorri mendi maratoiari, webgunearen eta sare sozialen bidez. Igandean bertan maratoiaren laburpen bideo bat sareratuko du. 2019ko bideoak 116.000 ikustaldi ditu.