Mendi orientazio eta irrintzi ikastaroak antolatu ditu Ahalduntze Eskolak
Amaia Etxebestek gidatuko du mendi orientazio ikastaroa, eta irrintzi ikastaroa, aldiz, Amaia Garcia Uriondok. Emakumeen jabetzea eta parte-hartzea sendotzea du helburu eskolak
Idiazabalgo Ahalduntze Eskolak bi ikastaro jarri ditu martxan udara begira. Batetik, mendi orientazio ikastaroan ibilbideak diseinatzen eta orientatzen ikasiko dute parte hartzaileek, eta bestetik, irrintzi ikastaroan euskal kulturaren parte den irrintziaren inguruko ezagutzak jasoko dituzte. Mendi orientaziorako ekainaren 3ra arte eman daiteke izena, eta irrintzi ikastarorako ekainaren 6ra arte, biak 663 626 196 zenbakian.
Mendi orientazio hastapen ikastaroa ekainaren 5eko igandean izango da, goizez, 08:00etatik 14:00etara. Udaletxeko areto nagusian alde teorikoa landuko dute, eta praktika aire librean egingo dute gero. Amaia Etxebeste irakasleak gidatuko du saioa. Matrikula doakoa da, eta gehienez 10 pertsonako taldea osatuko dute. Autonomia osoz emakume bakoitzak erabakitako lekura ibiltzeko orientazioko oinarrizko ezagutza jasoko dute, mapen irakurketa eginez eta iparrorratza erabiltzen ikasiz.
Irrintzi ikastaroa, berriz, ekainaren 8an, asteazkenean, izango da, 18:30ean, Guraso Elkartean, Amaia Garcia Uriondo irakasleak gidatuta. Matrikula doakoa izango da eta 20 laguneko taldea osatuko dute gehienez ere. Partaide bakoitzak bere esterila eta ur botila eraman beharko ditu. Ikastaroaren helburua «animatzea, gero eta emakume gehiagok adierazpide hori hartu eta erabiltzea eta oihuari buruzko ezagutzak ematea» izango dela azaldu du eskolak ohar bidez. «Nork bere soinua hobetzea eta ondo pasatzea».
Ahalduntzea eta saretzea
Martxoan jarri zuten martxan Idiazabalgo Ahalduntze Eskola, errealitatea ikuspegi feministatik aztertu eta emakumeen jabetzea eta parte hartzea sendotzeko, Idiazabalgo emakumeen arteko sareak sortuz eta ikusgaitasuna lortuz. Irailetik aurrera talde egonkorra sortu eta hilean behin Pilarreneko ganbaran elkartzeko asmoa dute, tertulia eta hausnarketarako.