Punta-puntako eskalatzaileak lehiatuko dira Mendi Festan
Xabier Ormazabal Mendi Festa larunbat honetan izango da, Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Eskalada desafioan Iker Pouk eta Patxi Usobiagak parte hartuko dute
Larunbatean Xabier Ormazabal Mendi Festa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Aurtengo edizioan punta-puntako eskalatzaileek parte hartuko dute.
Egun osoan zehar egongo dira ekitaldiak. 11:00etan boulder irekia egongo da, haurrentzako jolasekin eta tailerrekin. 12:30ean eskalada topaketa herrikoia egingo dute.
18:30ean eskalada desafioa egingo dute: Federazioko gazteek Esther Cruz, Patxi Usobiaga, Ane Hernani, Gorka Karapeto, Leire Agirre eta Iker Pou beteranoekin indarrak neurtuko dituzte. Federazioko gazteen artean Maddi Agirre ordiziarra egongo da. Gainera, ikusleen artean Alex Txikon eta Alberto Iñurrategi egongo dira, besteak beste. Iñurrategiren semeak eskalada desafioan parte hartuko du, gazteen taldearekin.
Beka eta zinema
21:00etan 2021eko bekaren irabazlearen izena emango da ezagutzera Labeaga aretoan (aurretik luntx txiki bat egingo dute). Bukatzeko, mendi zinema emanaldia egongo da toki berean. Itziar Zabalaren Amagana, Mikel Gurrea eta Haizea Osesen Heltzear eta Pou anaien Aupa Pou. Bizitzaren sokari lotuta pelikulak emango dituzte.
Andoni Ormazabal antolatzaileak egitaraua «oso potoloa» dela azpimarratu du. «Ospetsu asko izango ditugu gure artean. Iker Pou eta Patxi Usobiaga munduko txapelduna Gernikako Arbolan ikusteko aukera izatea sekulakoa da».
Urretxuko Udalaren eta laguntzaileen parte hartzea eskertu nahi du. «Horrelako festa bat aurrera ateratzeko, laguntza handia behar da. Urretxuko Udalak Mendi Festaren aldeko apustua egin du eta diru laguntza eman du. Kolaboratzaileei dagokionez, inplikazioa erabatekoa da. Lan guztiak lagunon eta etxekoon artean egingo ditugu», aipatu du.
Iluntzean 2021eko bekaren irabazlearen izena emango da ezagutzera. «Bost proiektu aurkeztu dira. Lehenengoz, emakumeen proiektuak jaso ditugu. Bi proiektu emakumeek aurkeztutakoak dira. Asko poztu nau. Gainera, bost proiektuak maila handikoak dira. Epaimahaia Mikel Zabala alpinistak, Unai Mendia eskalatzaileak, Oskar Gogorza kazetariak osatu dugu eta ez da batere erraza izan bakar bat aukeratzea. Asko kostatu zaigu erabakia hartzea», amaitu du Ormazabalek.