Talogileen eskutik lehertu da festa
Hasi dira Legorretako Azentzio jaiak. Igandera arteko egitarau oparoa izango da.
Legorretako Talogileen Taldeak eman die gaur arratsaldean Azentzio jaiei hasiera ofiziala. Hiru urteren ondoren, herriko plaza jendez eta kolorez bete da, suziriaren jaurtiketarako. Suziria jaurti baino minutu gutxi batzuk lehenago, 2019ko jaietako pregoilari izan ziren Ugaro saskibaloi taldeko neskei omenaldi xume bat egin diete. Izan ere, Gipuzkoako Saskibaloi Ligako irabazleak izan ziren iragan asteburuan. Jarraian bai, Talogile Taldeko kideak atera dira udaletxeko balkoira. Taldeak egindako ibilbidearen kontakizuna egin ostean, suziria piztu eta zeruan lehertu da. Momentu «oso hunkigarria» dela aitortu dute. Festetan ongi pasatzeko mezua zabaldu diete legorretar guztiei.
Pilota finalak
Jaien hasierako ekitaldi ofizialaren aurretik, Gazte Pikuk gazte asanbladak antolatutako pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatu dituzte. Hirugarren mailan, Adei Iturrioz eta Iraia Etxabe izan dira irabazleak, laugarren mailan Xabier Jainaga eta Haraitz Etxeberria, alebinetan Luar Oiarbide eta Ane Alustiza eta helduen kategorian, Aitor Bergantiños eta Oier Mendizabal.
Jarraian, gaurko egunak utzitako irudi batzuk.