«Atletismotik nator, eta denborak kontrolatuta izatea gustatzen zait»
Bi urte ere ez dira Sara Alonso (Donostia, 1999) mendiko trailetan parte hartzen hasi zela, eta tarte horretan inor gutxik esperotako emaitzak lortu ditu. Maratoiko podiuma ez du baztertzen.
Trailaren munduan hasi berria zarela esan daiteke. Nolatan erabaki zenuen atletismotik mendira pasatzea?
Atletismoa egiten nuen bai, eta itxialdi garaian hasi nintzen mendi lasterketako bideoak ikusten: Kilian Jornetenak, Zegamakoak, eta esan nuen nik hori probatu beharra neukala.
Zure lehenengo proba Canfranc-Canfranc iza zen, 16 kilometrokoa, eta 1.600eko desnibel positiboa duena. Bigarren postuan sailkatu zinen.
2020ko irailean izan zen. Irteera banaka zen, eta elitekoak izan ziren lehenak irteten, horietan artean Maite Maiora eta Gisela Carrion. Ni ordu eta erdi beranduago atera nintzen, eta denborak kontuan hartuta 2. sailkatu nintzen horien bien aurretik. Maioraren aurretik sailkatzea handia izan zen niretzat. Zegamako maratoiaren errekorraren jabea, niretzat erreferentea… Banekien ondo egin nezakeela, baina emaitza hori lortzea handia izan zen niretzat.
Zu zure kabuz hasi zinen, baina orain Salomon taldeko korrikalaria zara.
Mezu bat idatzi nien Salomonekoei nire burua aurkeztuz, eta bai, arreta eman zien nik egindakoak. Deitu zidaten eta haiekin hasi nintzen. 2020ko abenduan Espainiako txapeldun atera nintzen atletismoko federazioarekin. Iaz Nurian apuntatu nintzen –Zegamakoaren ordezko proba modura antolatu zuten, Golden nazionala–, eta 11. sailkatu nintzen. Nazioarteko Goldenetan ere saiatzea erabaki nuen, Dolomitetan 8.a izan nintzen, Alemanian 3. postuan eta Sky Runen ere bai. Azkenean Nazioarteko Golden Trail serieetan Top 10ean sailkatzea lortu nuen.
Eta aurten ere denboraldi bikaina osatzen ari zara. Hiru lasterketa, hiru garaipen eta hiru errekor.
Bai, hala da. Zegaman ez dut uste garaipenik eta errekorrik egingo dudanik, baina oso ondo sentitzen naiz, eta hirugarren sailkatu naitekeela ikusten dut. Ibilbidea oso ondo ezagutzen dut, 7 aldiz egon naiz ibilbideko zati ezberdinak egiten. Transgrancanariako maratoia, Andaluzia Calamorros eta Espainiako Txapelketa irabazi ditut Bergan. Oso pozik nago.
Marotoiko ibilbidea primeran ezagutuko duzu hortaz?
Aste Santuan ere egun pare bat egin nituen ostatuan. Ibilbideko denborak ezagutu nahi izan ditut, pasaera bakoitzean zer denboratan joan behar dudan… Atletismoaren mundutik nator, eta denborak kontrolatuta edukitzea gustatzen zait. Itxura guztien arabera, eta eguraldia asko aldatzen ez bada, lasterketa oso azkarra izango dela dirudi.
Zer eguraldi nahi izaten duzu?
Lehorra egotea komeni zait niri, korrika egitea asko gustatzen zaidalako, baina aldi berean hotz egin dezala, hotzak ez baitit erasaten. Nik hotz egitea nahi dut, jendeak sufritu dezan. Beroa ez zait gustatzen. Iaz, Hierro uhartean, bidean gelditu nintzen beroak jota, deshidratatuta. Euririk egiten ez badu karrera oso azkarra izango da.
Podiuma aipatu duzu, izaera oso lehiakorra duzun seinale.
Bai, baina aurreneko bi postuetan ez, beste liga batean dauden bi korrikalari baitatoz: Maude Mathys suitzarra –errekor eta garaipen mordo baten jabe dena– eta Nienke Brinkman herbereetarra, Mauderi aurre egin dion bakarra, eta errepideko maratoi bat 2:22:00n korritu duena, Europako historiako denborarik onena eginez. Horien aurka ez dago lehiatzerik.
Baikor sumatzen zaizu.
Neska talde bat gaude hirugarren posturako. Ni oso-oso ondo sentitzen naiz. Espainiako txapelketa irabazi dut eta oso pozik nago, eta poz handiago ematen dit iazko denbora 8 minututan hobetzeak. Badakit oso zaila izango dela, baina gogotsu nago.
Nolako lasterkaria zarela esango zenuke?
Lasterkari azkarra naiz, errepidetik bainator. Ordeka guneak asko gustatzen zaizkit, hor aldea atera dezakedala uste baitut, eta baita jaitsierak ere, hor ondo moldatzen naiz, nire aldekoa da hori. Asko gustatzen zaizkit beheraka bukatzen diren lasterketak, eta Zegama ere halakoa da. Azken 10-12 kilometroak korrika egitekoak dira, pistetan, eta hor estutu ditzaket aurkariak. Distantziak ematen dit errespetu pixka bat, lau ordutik gorakoetan ez baitut esperientziarik.