Jai "baketsu", "alai" eta "parte hartzaileak" eskatu ditu Udalbatzak
"Jai eredu inklusiboa, anitza, parte-hartzea ahalbidetzen duena, librea eta berdintasunezkoa den jai eredua nahi dugu, askatasunean eta errespetuan oinarritua", zehaztu dute
Beasaingo Udalbatza osatzen duten hiru alderdiek “jaiak era baketsu, alai eta parte hartzailean bizitzeko deia” egin dute. “Jai eredu inklusiboa, anitza, parte-hartzea ahalbidetzen duena, librea eta berdintasunezkoa den jai eredua nahi dugu, askatasunean eta errespetuan oinarritua”, zehaztu dute.
Jaiak herritar “guztiek” “ondo” pasatzeko unea direla azpimarratu dute. Errespetua “ezinbestekoa” dela esan dute horretarako. “Herritarrei zuhurtziaz jokatzea eskatzen diegu guztiok festaz gozatzeko aukera izan dezagun; ezinbestekoa da norberaren ardura inguruko herritarrei kalterik egin ez diezaiegun. Haur, gazte eta heldu, guztiok dugu herriko jaiez gozatzeko eskubidea eta premisa hori ulertu eta horrekin jardutea ezinbestekoa da”.
Sexu-erasoak izan dituzte hizpide. “Askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta onartezinak”, adierazi dute. Ez dutela erasorik onartuko ohartarazi dute. Gertakariei aurre egiteko “konpromiso aktiboa” hartuko dutela zehaztu dute eta herritarrei ere berdina egiteko eskatu diete. “Ustezko gertaera txikienen aurrean erantzuten badugu, muturrekoagoak diren egoerak prebenitzen lagunduko dugu. Beraz, jaietan sexu-eraso, sexista edo jarrera matxistarik ikusiz gero, ez begiratu beste aldera eta aurre egin. Denon ardura da”.
Herritarrak zaintzeaz gain, herria zaintzeko deia ere egin dute. Txokoak garbi mantentzeko eskatu dute, eta ez apurtzeko. “Horrela jaiak amaitzean ere, herriko kale, plaza, etxe eta parkeak, beasaindarrok elkartzeko gune eroso izango dira”