Nekane Balluerkak jasoko du Euskadi Ikerkuntza Saria
Urte hauetan guztietan ordiziarrak egindako lan zientifiko bikainaz eta ekarpenez gain, lidergo zientifikorako duen gaitasuna nabarmendu ditu epaimahaiak, besteak beste.
Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko katedradun Nekane Balluerka Lasa psikologoak jasoko du 2021 urteko Euskadi Ikerkuntza Saria. Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko lau ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du, sariaren 25. edizio honetan, Balluerka psikologoaren aldeko ebazpena. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eman dio sariaren berri.
Euskadi Ikerkuntza Sariak, jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, baita Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere, lan horiek eragin positiboa badu Euskadin.
Nekane Balluerka Lasa irakasle ordiziarrak, ekarpen garrantzitsuak egin ditu diseinuen eta datuen analisiaren arloan, gizarte eta osasun zientzietan ikerketak burutzeko, bai eta neurketa tresnak kultura artean egokitzeko metodologiaren arloan ere.
Kudeaketa-karguak ere bete ditu Psikologia Fakultateko dekanorde gisa eta EHUko errektoreorde gisa irakaskuntzaren eta kalitatearen berrikuntzaren arloan. Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruarekin bat egiteko funtsezkoak izan diren proiektuen buru izan da, eta, ondoren, graduondoko ikasketen eta nazioarteko harremanen arloan. Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izatera iritsi zen 2017an
Epaimahaiak, Balluerkaren lan zientifiko bikainaz gain, beste alderdi batzuk ere nabarmendu ditu. Hala nola, orain arteko ikerketa karrera, lidergo zientifikorako duen gaitasuna, eta jokabide zientzien metodologiari buruz egin dituen ikerketak Euskadin izan duen eragina.