Urretxuko Udala Irimoko eta Oletako parke eolikoen aurka azaldu da, aho batez
Urretxuko Udalak eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu bi proiektuen aurka egiteko eta kaltetutako gainontzeko udalei elkarrekin lan egitea proposatuko die
Urretxuko Udalak osoko bilkura egin du gaur arratsaldean. Bertan, alderdi guztiak Trekutzen eta Buruzain egin nahi diren parke eolikoen aurka azaldu dira. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk bi testu adostu dituzte, bakoitza parke eoliko baten ingurukoa, eta Eusko Jaurlaritzari igorriko dizkiote bihar bertan.
Parke eolikoak Green Capital Power enpresak egin nahi ditu. Trekutzen bi errota jarri nahi ditu eta Buruzain lau. Trekutzekoei dagokienez, bata Irimo mendiaren gailurraren atzean jarri nahi du (100 metrora) eta bestea Meaka inguruan. Zutabeek 115 metroko altuera izango lukete eta palek 83,33 metroko luzera. Oinarriak 22 metroko diametroa izango luke. Hori egiteko bost metroko zabalerako pista egin beharko litzateke.
Buruzaiko egitasmoari dagokionez, lau haize errota jarri nahi dira Oleta eta Samiño inguruan. Egitasmoak Azkoitia, Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso eta Azpeitiari eragiten die. Izan ere, energia haize errotetatik estazio elektrikora garraiotzeko dorreak eta kableak behar dira eta horiek Irimotik pasako lirateke.
Bi parke eoliko horien xehetasunak ezagututa, Urretxuko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek proiektuak ez direla onargarriak diote, Irimo mendian eragin ditzaketen kalte ugariengatik. “Udal honek eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu proiektuaren aurka egiteko”, diote adostutako testuan. Bestalde, Urretxuko Udalak Antzuola, Azkoitia, Zumarraga, Ezkio-Itsaso eta Azpeitiko udalei bi proiektuen aurkako lan tekniko guztia batera egitea proposatuko die.