Xabi Zurutuzaren fan klubak kanpaina berria jarri du martxan
MTA talde italiarraren babesean munduko junior mailako moto txapelketa hasi berritan, bertan parte hartzen ari den Legazpiko Xabi Zurutuza pilotuaren fan klubak bazkidetza kanpaina berria jarri du martxan. Aurreko denboraldian lortutako 200 bazkideen langa gainditu nahi dute oraingoan.
Fan klubeko partaide izan nahi duenak, horren egoitza den Hogei tabernan edo Hizkuntza liburu dendan eman dezake izena. On line ere egin daiteke, klubaren Facebook kontuaren bidez. Iazko bazkidetza ere modu berean berritu daiteke. Informazio gehiagorako, 690 635 921 whatsapp zenbakia jarri dute.
Urteko bazkidetza 35 eurokoa izango da aurten ere. Trukean, bazkideak kamiseta bat jasoko du, eta denboraldian zehar antolatuko dituzten irteeretan eta zozketetan parte hartzeko aukera izango da.
Fan klubeko kideak pozik daude txapelketako lehen hiru lasterketetan Zurutuzak egin duen lanarekin. «Denboraldia bikain hasi du, hamargarren doa Estoril eta Valentzia ondoren. Kategoria eta talde berria direnez, primerako hasiera da».