«Zegaman eman nezakeen onena eman dudala pentsatu izan dut»
Eskarmentuak eta entrenamendu orduek ematen duten konfiantzarekin lehiatuko du Aritz Egeak (Urretxu, 1984) maratoia. Belaunaldi aldaketaren urtea izan daitekeela dio.
Iaz ultra trailetarako jauzia egin, eta Espainiako –Penyagolosan, Valentzian, apirilean– eta Euskal Herriko –Domusan, Azpeitian, maiatzean– ultra trail txapelketak irabazita iritsiko da Egea aurtengo Zegama-Aizkorrira. Lasterkari modura «heldu» egin dela uste du, «buruz-eta lasaigo» dabil, eta helburuen artean ez badu ere, lehiari ez dio izkin egiten urretxuarrak.
Zer aldarterekin iritsiko zara aurtengo maratoira?
Inoiz baino lasaiago, egia esan. Mendi lasterketetan hasi nintzenetik, lehen aldiz, Zegama ez da helburu, baina horrek ez du esan nahi ez naizenik ondo egitera joango. Eta buru aldetik ere askoz ere lasaiago. Beste urte batzuetan, Zegama pasatu arte besterik ez nuen buruan, egiten nuen guztia hara begira egiten nuen, baina aurten ez. Zegama egingo dut Zegama egin beharra daukadalako, pentsaezina baita egiteko aukera eduki eta ez egitea.
Zuri buruari presioa kentzeko modu bat ere izango da.
Pentsatzen dut presioa kentzen ere lagunduko didala. Domusan dezenteko pasaldia eman nion gorputzari, eta ez dut jakingo errekuperatu naizen Zegamako egunera arte. Pentsa dezaket, baita ere, Zegaman eman nezakeen onena eman dudala dagoeneko, nahiz eta uste dudan hankak izan ditudala daukadan marka onena edo postu onena hobetzeko.
Eta gorputzaldiz?
Gorputzaldia aurreko urteetakoa baino askoz ere hobea daukat, diferentzia handiarekin gainera, eta burua ere inoiz baino hobeto. Horrek ere alde jokatuko du. Ondo ateratzen bada oso-oso pozik, eta gaizki ateratzen bada aitzakiak baditut, eta ez diot buelta gehiagorik emango.
Gozatzera hortaz.
Bai, hori da. Uste dut denbora ona egiteko moduan nagoela, baina podiuma eta halakoak geroz eta zailago daude. Geroz eta jende hobea etortzen da, geroz eta mailago hobeagoa dago, eta espero dezagun etorkizunean ere hala izatea, Zegamako munduko mendi lasterketarik onenetakoa izaten jarraituko duela esan nahiko baitu. Podiuma ere ez dago erabat nire esku, besteak nola datozen, nola korritzen duten… Orain hilabete izan nintzen Zegaman, eta ibilbidea paregabe zegoen, eta eguraldi egokia egiten badu ziur naiz errekora egongo dela, edo behintzat denbora oso-oso onak egingo direla.
Zegaman behintzat azkar atera zalea zara. Aurten nola planteatu asmo duzu lasterketa?
Egia da azkar atera ohi naizela, baina besteak ere ez dira askoz ere motelago ateratzen. Pentsa, Sancti Spiritun minutu bateko aldea atera izan diet soilik. Nire handicap-a aldapan behera da, gailurreriaren eren denbora galdu izan dut, eta hortaz hasieran atera beharra neukan tartea. 38 urte ere baditut, lehengo txinparta hori ere ez daukat, nabari dut hori, ez nabil lehen bezain bizi… Dakidana da jendea ikaragarri azkar aterako dela.
Ultra-trailetarako jauzia egin duzu. Zertan aldatu da zure kirol errendimendua?
Batez ere entrenamenduen ordu kopuruan dago aldea, lehen baino %50 gehiago ari naiz entrenatzen, astean 13-14 ordu. Horrek kilometroak egiteko sekulako erraztasuna eman dit. Oraintxe bertan esan dezaket 30-40 kilometro oso erraz egiten ditudala, eta lehen ez zen hala. Konfiantza ematen dit horrek. Dakidana da distantziagatik behintzat ez dudala sufrituko. Beste gauza bat da erritmoa. Gazteak oso-oso azkar dabiltza, eta haien kontra egitea geroz eta zailagoa da.
Irabazteko hautagarik bai?
Jende asko dator. Kilian [Jornet] baldin badator bera da faborito, eta irabazten badu 10. txapela izango du, ziklo bat ixtea bezala. Manuel Merillas ere badator, Salomonetik ere jende mordoxka bat, gazte asko datoz sorpresa eman dezaketenak. Nik uste dut belaunaldi aldaketa bat ikus dezakegun Zegama bat izan daitekeela aurtengoa.
Eta Zegamaren ondoren?
Goierriko Bi Handietan parte hartuko dut. Orain arte ultretan ibili ez naizenez ez, baina aurten tentazio hori badut. Eta abuztuan Mont Blanceko 100 kilometrokoa. Iaz ez nuen bukatu, presioagatik-edo, eta aurten bukatu nahi nuke, ez nuke nahi datorren urterako arantza horrekin geratzea. Eta Munduko txapelketara joan naizen edo ez, hori ikusteko dago oraindik.