A-636 errepideko Beasain eta Ormaiztegi arteko zatia birgaitzeko lanak ekainean hasiko dira
Ekainaren bigarren hamabostaldian hasiko dira obrak. Lanek 4 milioitik gorako aurrekontua eta 7 hilabeteko epea dute.
Bidegiko Aministrazio Kontseiluak A.636 autobidean Beasaindik Ormaiztegira doan zatia birgaitzeko proiektua onartu du gaur, eta ekainaren bigarren hamabostaldian hasiko dira birgaitze lanak. Beasain eta Ormaiztegi arteko zatia konponduko dute lehenengo. 4.117.295 euroko aurrekontua du eta zazpi hilabetetan bukatzea aurreikusi dute. Autobidearen erabiltzaileek sortutako funtsak erabiliko dituzte inbertsiorako. Zorua birgaituko dute, 5,2 kilometroko zatian, 0 kilometrotik Beasainen hasi eta 5,200 kilometrora, Ormaiztegin. Autobiaren enborra bi noranzkoetan berrituko dute, bakoitzak bere bi errei eta bazterbideekin, eta lotuneen parean abiadura aldatzeko erreiekin.
Deformazioak dauden zonetan, tarteko geruza ere berrituko dute, eta Salbatore eta Antzizar bidezubien dilatazio-juntura guztiak berrituko dituzte. 2,200 kilometroaren parean erdibitzaile bat eraikiko dute. Tarteko geruzak zabaltzeko, kaltetutako erreiaren tartea moztuko dute, eta beste irekita utzi. Errodadura-geruza sei asteburutan zabalduko da, galtzada osoan. Errepide zatiko bi gasolina-zerbitzuguneak ostiral gauetik astelehen goizera itxiko dituzte. Lanek irauten duten bitartean, une jakin batzuetan, 3,5 metrotik gorako zabalera duten garraio bereziek ezin izango dute autobiatik pasa. Telegram talde bat jarriko dute martxan garraio-enpresek ordutegiak kontsultatu ditzaten. 1997an ireki zuten berrituko duten A-636 errepideko Beasain-Ormaiztegi zatiaren tarterik handiena, eta zoruaren erregulartasuna nahiko eskasa da egun.