Mendi proben harra, gaztetatik
Zegamaren izen onak erakarrita, dozenaka gaztek parte hartzen dute Junior Trail proban. Mendi lasterketen mundua ezagutu eta «disfrutatzea» dute helburu gehienek.
Gero eta gazte gehiago hasten dira korrika inguruan dituzten mendi lasterketek animatuta. Eta Zegama-Aizkorri ere ez da salbuespena. Duela hamar bat urte hasi ziren gazteentzako proba antolatzen, eta urtez urte igotzen joan da parte-hartzaile kopurua. Aurten 50 lagunek parte hartuko dute; erdiak baino gehiago euskaldunak dira, eta horietatik 7 goierritarrak. Zegama-Aizkorri bezalako mendi lasterketek erakarrita hasten dira gehienak, eta lehiaz harago, «disfrutatzera» doazela diote.
Pandemiak eragindako etena tarteko, korrikalari gehienek aurrenekoz parte hartuko dute junior trailean, 16-18 urteko adin tartea hartzen baitu. Hori da Mikel Goiburu eta Haitz Goia zegamarren kasua; biek ere aurreko edizioetan parte hartzeko asmoa zuten, baina aurten arte ez dute aukerarik izan. Gogotsu daude herriko lasterketaren parte sentitzeko. Goibururen ustez, «egun berezia» izango da, «txiki-txikitatik» ezagutu baitute Zegama-Aizkorri proba eta haren inguruan sortzen den giroa. «Berezia da niretzat eta baita zegamar guztiontzat ere. Herri txiki batentzat horrelako karrera bat izatea polita da». Goiak ere «beti ikusten eta laguntzen» aritu direla dio, eta aurten parte hartzeko «gogoz» daudela. Goiarentzat ere egun «berezia» izango da, lasterketaz gain, urtebetetze eguna duelako.
Elkarrekin entrenatu dute. Zegamarrak izanda, bertatik bertara dute ibilbidea, nahiz eta futbola eta ikasketak direla eta, nahi adina denbora izan ez duten. Helburu jakinik gabe aterako dira, «disfrutatzera» dio Goiburuk. «Gozatu egin nahi dugu herriarekin, giroarekin eta jendearekin, eta gero lasterketa ona ateratzen bada, hobe». Goiak ere asmo bera du, baina lagunaren aurretik gelditzea gustatuko litzaiokeela dio, barrez.
Giroak erakarrita
Bertakoak ez ezik, beste herri askotatik ere etortzen dira korrikalari gazteak. Izaro Larrañaga zumarragarra da horietako bat. Umetatik atletismoan ibilitakoa da, baina iaz hasi zen mendian korrika. Zegamak «izen bat» duela dio, eta helburu zehatzik ez dio jarri bere buruari, «proba egitera noa eta lehendabizikoa, bukatzea da». Horrelako probetan parte hartuz «esperientzia hartzen» joan nahi du.
Jokin Leunda ordiziarra ere atletismo mundutik dator. «Lehengusu bat ibiltzen zen lehenagotik eta harekin hasi nintzen mendira joaten». Axari Trailen parte hartutakoa da eta Tolosako T2T proba du jomugan. Zegamara «lehiatzeko asmotan» joango bada ere, badaki «jende ona» egoten dela eta zaila izango dela. «Disfrutatzera joango naiz, presiorik gabe eta ondo pasatzera».