Ampo Ordiziak ligako finala jokatuko du
Ampo Ordiziak ligako finala jokatuko du datorren igandean. Valladoliden jokatutako finalaurrekoan, 27-30 garaitu du El Salvador taldea.
Errugbiko ohorezko mailako ligako finalerdietako partidan garaipena lortu du Ampo Ordiziak. Horrela, finalerako txartela eskuratu du. Datorren igandean, ekainaren 5ean, jokatuko du finala Santboiana taldearen aurka Sant Boiko (Katalunia) Baldiri Aleu zelaian.
Bi zigor-kolperi esker, 0-6 aurreratu dira ordiziarrak zazpigarren minuturako. El Salvadorrek, ordea, laster erantzun du eta 10-6 aurreratu dira. Zigor entsegu bati eta entsegu emendioari esker, ordiziarrek berriro ere aurrea hartu dute: 10-13. Halere, lehen 40 minutuak betetzerako, El Salvadorrek zigor-kolpea, entsegua eta entsegu emendioa gauzatu ditu. Markagailuak 20-13 irudikatzen zuen atsedenaldian.
Bigarren zatia ere aurrenekoaren antzera, oso lehiatua izan da. Julen Goiaren entseguarekin eta Valentin Cruzek entsegu emendioa gauzatuta partida berdindu du Ampo Ordiziak. Cruzek berak zigor kolpe batekin asmatu eta 20-23 aurrea hartu dute ordiziarrek. Etxeko taldeak ordea, ez du amore eman. Entsegu bati eta entsegu emendioari esker, 27-23 aurreratu dira.
Lau minuturen faltan, Andell Loubserrek entsegua egin du eta Cruzek ez du huts egin emendioan. Horrela, ordiziarrak berriro ere aurretik jarri dira. Aldeari eutsi ahal izan diote 80. minutura arte eta, azkenean, 27-30 amaitu da partida.