Kilian Jornet, ohorezko 'zega-hamar'
Hamargarren aldiz irabazi du kataluniarrak Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Markak birrindu ditu, 2017ko errekorra baino 8 minutu azkarrago helmugaratuta.
Kilian Jornet mendi lasterkari kataluniarra handia egitera zetorren. Eta egin du. Zegama-Aizkorri mendi maratoia hamargarren aldiz irabazi du, eta ez nolanahi: erakustaldia eman du korrika. Jendetzak hauspotuta, denbora-markak txikitu ditu. 3:36:40 orduan iritsi da atzera Zegamako plazako helmugara, 09:00etan abiatu den leku berberera.
Stian Angermund-Vik norvegiarrak 2017an jarritakoa zegoen lehen Zegama-Aizkorriko marka, 3:45:05. Jornet, Aizkorriko gailurra (22.km) harrapatzerako, marka-denboretan zihoan. Davide Magnini izan du lasterketaren lehen erdian bide lagun, eta batera ailegatu dira lasterketaren puntu garaienera.
Beherakoan parekorik ez duela erakutsi du, beste behin, Jornetek. Urbiako zelaietara iristerako, lasterketa buruan bakarrik zen, 2:40 orduan. Elhousine Elazzaoui igaro da hirugarren Aizkorrin. Andraizko azken igoera gaindituta, ziztu batean jaitsi du Oazurtzara artekoa kataluniarrak, Magniniri tartea handituta. Italiarra izan da bigarren, 3:39:31 orduan. Hark ere Angermunden errekorra gainditu du. Gizonezkoen podiuma Manuel Merillas espainarrak osatu du (3:45:43)
Jendetza erakarri du, beste behin, Zegama-Aizkorrik; batik bat Santispirituko aldapan eta Aizkorri gainean.
GIZONEZKOEN SAILKAPENA
1. Kilian Jornet, 3:36:40
2. Davide Magnini, 3:39:31
3. Manuel Merillas, 3:45:43
4. Elhousine Elazzaoui, 3:47:53
5. Robert Pkemboi, 3:48:35
6. Remi Bonnet, 3:49:37
7. Thibaut Baronian, 3:49:40
8. Nadir Maguet, 3:51:00
9. Matthew Kiptanui, 3:52:32
10. Frederic Tranchand, 3:53:43