Markako Zegama-Aizkorri
Borobila izan da Zegama-Aizkorriren 21. edizioa. Kilian Jornetek 10. txapela jantzi du gizonezkoetan, eta Nienke Brinkman izan da azkarrena emakumezkoetan. Biek ondu dituzte probako errekorrak. Ikusi lasterketak eman duenaren laburpena iruditan.
Bi urteko etenaren ondoren, korrikalariek eta zaleek gogotsu hartu dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren itzulera, eta aurtengo edizioa, gogoangarria izan da. Eguraldia lagun izan dute parte-hartzaileek, eta kirol maila ere bikaina izan da. Kilian Jornet katalanak eta Nienke Brinkman herbeheretarrak irabazi dute proba, eta baita marka berriak ere. Publiko aldetik ere, inoizko ediziorik jendetsuena izan dela azaldu dute antolatzaileek.
Probarekin batera, Kilian Jorneten itzulera espero zuten askok, 10. txapela lortzea baitzuen jokoan. Baita egin ere. Eta ez nolanahi, gainera. Maratoiko orain arteko markarik onena ezarri du kataluniarrak: 3:36:40. Bukaeran, “eskerrik asko” batekin eskertu du zaleen aldetik jasotako berotasuna. “Harrigarria izan da, korrika egiteko baldintzak ezinhobeak izan dira, eguzkia egin du eta lurra lehor zegoen, eta horrek azkarrago joateko aukera ematen du”. Zegaman irabaztea “behin ere ohitzen ez zaren zerbait” dela dio, eta garrantzitsuena, “pandemiaren ondoren lasterketa itzuli” izana dela. “Harrigarria izan da”.
Jorneten atzetik, Davide Magnini italiarrak eta Manuel Merillas espainiarrak osatu dute gizonezkoen podiuma. Lehen goierritarra, eta baita lehen euskalduna ere, Aritz Egea izan da; urretxuarrak 25. postuan bukatu du maratoia, 4:04:19ko denbora eginda.
Brinkmanek ere marka
Emakumezkoetan ere, Herbeheretatik etorri den Nienke Brinkmanek marka berria jarri du: 4:16:43. Eta ez da nolanahiko denbora, 18 minututan hobetu baitu Maite Maiorak zeukan errekorra. Lasterketa “maila teknikoan oso zaila eta espero baino azkarragoa” izan dela azaldu du. Momenturik gogorrena Aizkorriko gainera iristerakoan pasa du, eta baita beherakoan ere, “oso nekatuta” zetorrelako. “Publikoa benetan ikaragarria izan da, esperientzia ederra”.
Aurtengo baldintza onen erakusgarri da, emakumezko podiuma osatu duten gainontzeko bi korrikalariek ere orain arteko marka hobetu izana. Maude Mathys suitzarra iritsi da bigarren, eta hirugarren, Sara Alonso donostiarra. Gaur gertatutako guztia prozesatzeko denbora beharko duela esan du Alonsok; “Brutala izan da, hainbeste disfrutatu dut, ez dudala sufritzeko astirik ere izan”.