Udalbatzakoen sokadantza eta lehiaketak izan dira igande goizeko ekitaldi nagusiak
Beasaingo Loinatz Jaietako hirugarren egunean sokadantzan aritu dira udalbatzako zenbait kide. Arrantza eta xake lehiaketak ere egin dituzte.
Ostiralean hasi ziren Beasaingo Loinatz Jaiak eta, ordutik, festa giroan dabiltza herritarrak. Gaur, eguerdiko hamabietan, udalbatzako zenbait kide sokadantzan aritu dira. Kanpaiak jo bezain laster, suziria jaurti eta txistulariak atera dira udaletxetik. Beraien atzetik, Leire Artola Beasaingo alkatea eta zenbait zinegotzi irten dira, elkarri eskutik helduta. Loinazko San Martin plazan, udaletxe aurrean, aritu dira dantzan.
Bestetik, goizean zehar beste ekitaldi batzuk ere ospatu dituzte. Lehena gaztetxoentzako heriotzarik gabeko arrantza lehiaketa izan da. Aitz-Zorrotz elkarteak antolatu du eta 9:00etatik 12:00etara aritu dira gazteak Igartzako zubiaren inguruetan. Bi sailkapen egin dituzte: 11 eta 14 urte bitartekoa eta 11 urte artekoa. Gaztetxoenen artean, Anaitz Rocandiok lortu ditu puntu gehien. Bigarrena Izei Apaolaza izan da eta hirugarrena Eneritz Zubeldia. Bestetik, 11 eta 14 urte artekoetan,Julen Ariztimuño nagusitu da eta Manex Martinek lortu du bigarren postua. Martinek berak arrantzatu du pieza handiena: 47 zentimetrokoa.
XLIX. Loinazko San Martin nazioarteko xake-jokaldiak ere antolatu dituzte. Gernika pasealekuko frontoian jokatu dituzte partidak Alfil xakelari elkarteak antolatuta. Partaide ugari batu dira eta Fomento taldea nagusitu da. Bigarrenak izan dira Gros Gazteak taldekoak eta hirugarrenak Alfil A taldekoak. Gaur arratsaldean festak jarraituko du, kale animaziorik ez da faltako. Bihar, bestetik, kuadrillen eguna ospatuko dute.
Gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:
Maiatzak 29, igandea
18:00: Berdinki konpainiaren Mikra kale ikuskizuna, Erauskin plazan.
· 19:00: Ekaitz Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, Goizeresi txistulari taldearekin, Loinazko San Martin plazatik Igartzara.
· 20:00: Kale animazioa Rockalean taldearekin. Irteera Bideluze plazatik.
· 22:30: Valecea enpresaren su-festa musikatua, Igartzako Monumentu Multzoan.
· 22:55: Kale animazioa Rockalean taldearekin, Igartzako Monumentu Multzoan.
· 23:30: Erabatera taldearen kontzertua, Bideluze plazan.
Maiatzak 30, astelehena, Kuadrillen eguna
· 08:00: Goizeresi txistulari taldearekin esnadeia.
· 09:00: Prozesioa Andre Maria Zeruratuaren parrokiatik Loinazko San Martinen basilikara, txistulari eta dantzariekin. Jarraian Meza Nagusia.
· 10:30: Erromeria Musika Eskolako trikitilari taldearekin, odolkiak, txorizoa, gazta eta barraskiloak dastatuz, Loinazko San Martinen basilikaren inguruan.
· 11:00: Lagun taldeen arteko XLIV. Areto Futbol Txapelketako azken partida Oria Eta Incansables txarangek alaituta, La Salle-San Jose ikastetxean.
· 11:30-14:00: Umeentzako parkea, puzgarri eta bestelako jolasekin, Barandiaran plazan (eguraldi txarra eginez gero, Ezkiagako frontoian).
· 12:00: X. Eskuz Binakako Pilota Txapelketa Herrikoiaren finala, Gernika pasealekuko pilotalekuan.
· 13:00: Lagun taldeen irteera Oria eta Incansables txarangek alaituta.
· 16:30: Jundajo txarangaren irteera, Bideluze plazatik.
· 17:00-19:30: Umeentzako parkea, puzgarri eta bestelako jolasekin, Barandiaran plazan (eguraldi txarra eginez gero, Ezkiagako frontoian).
· 17:30: Lagun taldeen bilkura eta jaitsiera Orai, Incansables eta Jundajo txarangek lagunduta, Barrendain plazatik.
· 18:00: Oria txarangaren irteera Arangoiti egoitzara, eguneko zentrora eta Urbi Berri erretiratuen etxera.
· 19:00: Dantzaldia Gabezin taldearekin, Bideluze plazan.
· 20:00-01:00: Indarkeria sexistaren inguruko informazio gunea.
· 23:00: Dantzaldia Gabezin taldearekin, Bideluze plazan.