Herrimatuz txapelketako finala, ekainaren 10ean, Arranon
Ostiralean jokatu zen 3. kanporaketa, Ordiziako Kirkilen. Potto eta Pottokumeak, Yeaah eta Bertso Olariak taldeak ariko dira finalean.
Herrimatuz Goierriko taldekako bertso txapelketako finala ekainaren 10ean izango da, Beasaingo Arranon, 22:30ean. Dagoeneko finala nortzuk jokatuko duten erabaki da. Hiru kanporaketa jokatu dira. Lehenengoa Legorretan izan zen maiatzaren 13an, eta German Urteagak, Lander Arizmendik eta Odei Lopezek osatutako Yeaah taldeak irabazi zuen. Bigarrena, aldiz, Seguran izan zen maiatzaren 20an, eta Ane Belokik, Jone Narbizak eta Lierni Ugartek osatzen duten Bertso Olariak taldea izan zen garaile. Hirugarren eta azken kanporaketa Ordizian jokatu zen ostiralean, maiatzaren 27an, eta Aratz Igartzabalen, Mikel Etxezarretaren eta Patxi Ormazabalen Potto eta Pottokumeak taldeak irabazi zuen.
Goierriko Bertsozale Elkartea sortu zeneko 40. urtemuga ospatzen dabiltza aurten, 40 urtez herria bertsoz josten lemapean. Ospakizun ekitaldien barruan antolatu dute Herrimatuz Goierriko taldekako bertso-txapelketa.