Lehen sektoreak kalea hartu du
Nekazariek, artisauek eta abeltzainek hartu dute kuadrillen lekukoa Loinatz Jaietan, bosgarren egunean. Azoka berezia egin dute. Jendetsua izan da, baina saltzaileak kexatu dira salmentak ez direla handiak izan. Gazta, gozo eta talo postuek lan gehiago izan dute asteroko barazki saltzaileek baino.
Lehiaketari dagokionez, Josetxo Mendiak irabazi ditu hirutik bi sari. Azken edizioan ere hala izan zen. Francisco Javier Azantzak lortu du lore ekoizleen artean sari nagusia.
Nekazari guztiek eraman zuten saria etxera. Dozena bat baserritako abereak elkartu dira, beasaindarrak denak. Halere, galtzear den ofizioa dela ohartarazi zuten antolatzaileek, Arrano elkarteko kideek.
Arranokoek Juan Manuel Garmendia sukaldaria zena ere omendu zuten, Loinatz Musika Eskolako trikitilarien eta bertsolarien saioen artean. Oroigarri bat eman zieten Garmendiaren senitartekoei. 2020. urteko maiatzean hil zen, Loinatz Jaiak izango ziratekeen egunetan.