Urretxu, eskalatzaileen erreinua
Xabier Ormazabal Mendi Festa ospatu dute Urretxun larunbatean. Punta-puntako eskalatzaileek parte hartu dute, eta haurrek kirol hori ezagutzeko aukera eduki dute.
P asa berri den asteburuan nabarmen gelditu da Zegama mendi korrikalarien eta mendi lasterketa zaleen Meka dela. Urretxu, berriz, eskalatzaileen eta eskalada zaleen Meka izateko bidean da. Larunbatean Xabier Ormazabal Mendi Festa ospatu zen, eta eguraldi bikaina lagun, sekulako arrakasta izan zuen. Punta-puntako eskalatzaileek parte hartu zuten eta Gernikako Arbola plazako harmailetan jendetza elkartu zen.
Egun osoan zehar egon ziren ekitaldiak. Goizean boulder irekia egon zen, haurrentzako jolasekin eta tailerrekin. Haurrek kirol hori ezagutzeko aukera eduki zuten. Primeran pasa zuten. Eguerdian eskalada topaketa herrikoia egin zuten.
Gazteak eta beteranoak
Arratsaldean eskalada desafioa egin zuten: Federazioko gazteek, Esther Cruz, Patxi Usobiaga, Ane Hernani, Gorka Karapeto, Leire Agirre eta Iker Pou beteranoekin indarrak neurtu zituzten. Gazteak nagusitu ziren. «Gazteek eman duten maila ikusita, etorkizun oparoa dugula esan daiteke», aipatu du Andoni Ormazabal antolatzaileak.
Eskalada desafioko parte hartzaileen artean goierritar bat egon zen: Maddi Agirre ordiziarra. Federazioko gazteen taldearekin parte hartu zuen, lehiaketa irabazi zuen taldearekin, alegia.
Lehiaketak ikusmin handia piztu zuen. Gernikako Arbola plazako harmaila txiki gelditu zen. Ikusleen artean Alberto Iñurrategi egon zen, besteak beste. Iñurrategiren semeak eskalada desafioan parte hartu zuen, gazteen taldearekin.
Desafioaren ondoren, antolatzaileek eta parte hartzaileek Xabier Ormazabal zenaren amari, Koro Aristegiri, lore sorta bat oparitu zioten. Opariarekin, eskerrak eman zizkioten. Izan ere, antolatzaile eta parte hartzaileentzako bazkaria prestatu zuen larunbatean. 120 lagunentzako bazkaria.
Iluntzean 2021eko bekaren irabazlearen izena eman zuten ezagutzera Labeaga aretoan. Bukatzeko, mendi zinema emanaldia egon zen toki berean. Itziar Zabalaren Amagana, Mikel Gurrea eta Haizea Osesen Heltzear eta Pou anaien Aupa Pou. Bizitzaren sokari lotuta pelikulak eman zituzten.
Beka Maialen Rojorentzat
Beka Maialen Rojo 24 urteko eskalatzaile gasteiztarrak irabazi du. Bekarekin Alpeetan bide berri bat irekitzen saiatuko da (Chamonix-etik gertu, eremu bakarti batean). Epaimahaia Mikel Zabalza alpinistak, Unai Mendia eskalatzaileak, Oskar Gogorza kazetariak eta Ormazabalek osatu dute. Azken horrek adierazi du ez zaiela batere erraza egin aukeraketa, proiektu guztiak maila handikoak zirelako. Bost proiektu aurkeztu dira eta bi emakumeek aurkeztu dituzte. Orain artekoetan gizonezkoak bakarrik aurkeztu dira.
Festa hau Xabier Ormazabal zenaren omenez antolatzen da. Xabier Ormazabal 2004ko urrian hil zen, Cho Oyu jaisten ari zela. 23 urte bakarrik zituen. Ordurako, SESB-eko mendi altuenak, Shisha Pangma eta Cho Oyu mendiak igoak zituen. Andoni Ormazabal anaiak eskerrak eman nahi dizkie antolaketa lanetan lagundu duten guztiei.