Legazpiko Udaleko Euskara zerbitzuak urteroko diru laguntzak kaleratu ditu
Herritik kanpo euskara ikasten ari direnei daude zuzenduta. Irudi korporatiboan edo webgunean euskara erabili duten denda eta enpresek ere eska ditzakete.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/05/legazpiko_udaletxea__sarre1.jpg)
Gipuzkoako Aldizkarian aurreko maiatzaren 27an argitaratu eta gero, irekita dago urriaren 31ra arte Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuak kaleratutako diru laguntzak eskatzeko epea. Diru laguntzak bi ataletan daude banatuta. Batetik, herritik kanpo euskara ikasten ari direnei edo Udako Euskal Unibertsitatera joango direnei zuzenduta dago atal bat, eta herriko merkatariei eta enpresei zuzenduta dago beste atala.
Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo udaletxeko HAZ bulegoan egin daitezke.
Euskara ikasteko
Lehen atalaren barruan, barnetegietara edo herritik kanpoko euskaltegietara euskara ikastera joaten direnek eska ditzakete udalaren laguntzak. Udako Euskal Unibertsitatera edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten bestelako ikastaroetara joandako herritarrentzako ere badira diru laguntza horiek, baita autoikaskuntza programaren batekin ari direnentzat ere. Legazpin erroldatuta egotea da baldintzetako bat. eta asistentzia frogatzen duen agiria aurkeztea, matrikula agiriekin batera.
Atal honetarako, udalak 1.000 euro jarriko ditu.
Denda edo enpresentzako
Legazpiko merkatariei eta enpresei zuzendutako atalean, bestalde, 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra arte establezimenduko kanpoko edo barruko errotulu finkoetan, irudi korporatiboan eta web guneetan euskararen erabilera handitzen dituztenei emango dizkie udalak diru laguntzak.
Irudi korporatiboaren barruan, hainbat elementu sartzen dira: logoa edo irudi koporatibo bera, kamisetak, poltsak, ibilgailuen errotulazioa, bisita txartelak, produktuak biltzeko papera… Laguntzak gehienez 300 eurokoak izan daitezke. Webguneetan, gehienez 500 euroko laguntza izango da, webgune osoa euskara hutsean dagoenean.
Programa honen zenbatekoa 2.500 eurokoa da.