Ttak, Legazpi garbi mantentzeko gonbita luzaten duen udal kanpaina
Pipa azalekin lotutako jarduera bat jarri dute martxan. Herriko hainbat gune ez dituzte garbituko 12 egunez, zenbat zikintzen diren erakusteko. Legazpi garbiagoa nahi da
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/06/2022-06-01-p007_f01-1200x679.jpg)
Legazpiko kaleak, auzoak eta parkeak garbi mantentzeko deia eginez, Ttak Legazpi garbi kanpaina jarri du martxan udalak. Atzo aurkeztu zituzten xehetasunak Maite Lonbide zinegotziak, Inma Hernandez teknikariak eta Xabier Arrondo kale garbitzaileak udalaren aldetik, eta Javi Morenok, herriko gozoki saltzaileak ordezkatuz.
Izan ere, Ttak kanpainak lau gozoki denden lankidetza du, pipa azalen inguruan gauzatuko delako zati bat. Gazi Gozorekin batera, Arif, Hegialde Kioskoa eta Hegialde Legazpi ere kanpaina honetako parte dira.
Jarrera aldaketa
Lonbidek azaldu zuenez, udalak bere egin du «Ez da garbiagoa garbitzen duena, zikintzen ez duena baizik» esamoldea, eta horren harira legazpiarren parte hartzea eskatu zuen Ttak kanpainaren helburua lortzeko, «Legazpiko kaleak garbiago egotea».
«Ttak egitea, txipa aldatzea, klik egitea edo jarrera aldatzea» dela azaldu zuen, «herria gure etxea izango balitz bezala garbi mantendu behar dugulako».
Kanpaina honen jatorria 2030 Agendaren foroan dago, eta herriko hiru diseinatzaile grafikoren laguntzarekin landu dute. Gozoki dendek, ikastetxeek, kale garbitzaileek, udal brigadak, udaltzainek eta udaleko Tokiko garapen iraunkorra eta Hezkuntza sailek ere parte hartu dute.
Pipa azalak
Jarrera aldaketa horren bila, udalak bi jarduera antolatu ditu, eta pipa azalekin du zerikusia lehenak. Herriko lau gozoki dendetan pipak erostean, kartoizko ontzi bat ematen dute, azalak jasotzeko. Erabili ondoren, saltokian dagoen zilindroan hustu behar da, eta horren truke, snack bol edo katilu batzuen zozketarako txartela emango dute. Hiru asteetan jarraian egingo dira zozketak, denda bakoitzean hiru katilu zozkatuz.
Zilindroan jasotako pipa azalekin konposta egingo du udalak. Kalean lurretik biltzen direnak, aldiz, ezin dira erabili konposta egiteko, errefusa direlako.
Hamabi egun, garbitu gabe
Kanpainaren bigarren jarduera Xabier Arrondo kale garbitzaleak azaldu zuen. Hamabi egunez, Latxartegi parkea, Kultur Etxe ingurua, Nafarroa 18ko ingurua, Agirre-Etxeberri parkea eta Laubide kalea ez dituzte garbituko. «Gune horiek garbitu ezean nola geratuko liratekeen erakustea da asmoa, herritarrak konturatzeko zenbat zikintzen den kalea».
Arrondok beste mezu bat ere zabaldu zuen: «Etxea garbi mantentzeko egiten dena, kalera eraman behar da. Etxea garbi edukitzea gustatzen bazaigu, kalea ere garbi egotea gustatzen zaigu, eta gutxi batzuen erruz gainerakook ez dugu zikinkeria jasan behar».