Urretxuko Udala Irimo eta Oletako parke eolikoen aurka azaldu da
Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek testu bat adostu dute. Udalak eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu bi proiektu horien aurka

Urretxuko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak Trekutzen eta Buruzain egin nahi diren parke eolikoen aurka azaldu dira. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk bi testu adostu dituzte, bakoitza parke eoliko baten ingurukoa, eta Eusko Jaurlaritzari igorri dizkiote.
Parke eolikoak Green Capital Power enpresak egin nahi ditu. Trekutzen bi errota jarri nahi ditu eta Buruzain lau. Trekutzekoei dagokienez, bata Irimo mendiaren gailurraren atzean jarri nahi du (100 metrora) eta bestea Meaka inguruan. Zutabeek 115 metroko altuera izango lukete eta palek 83,33 metroko luzera. Oinarriak 22 metroko diametroa izango luke. Hori egiteko bost metroko zabalerako pista egin beharko litzateke.
Buruzaiko egitasmoari dagokionez, lau haize errota jarri nahi dira Oleta eta Samiño inguruan. Egitasmoak Azkoitia, Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso eta Azpeitiari eragiten die. Izan ere, energia haize errotetatik estazio elektrikora garraiatzeko dorreak eta kableak behar dira eta horiek Irimotik pasako lirateke.
Bi parke eoliko horien xehetasunak ezagututa udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek proiektuak ez direla onargarriak diote, Irimo mendian eragin ditzaketen kalte ugariengatik. «Udal honek eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu proiektuaren aurka egiteko», diote adostutako testuetan.
Bestalde, Urretxuko Udalak Antzuola, Azkoitia, Zumarraga, Ezkio-Itsaso eta Azpeitiko udalei bi proiektuen aurkako lan tekniko guztia batera egitea proposatuko die.
Testuak osteguneko osoko bilkuran onartu ziren. Jon Luqui alkateak egitasmoaren berri urrian izan zutela esan zuen. «Enpresa bat udalarekin harremanetan jarri zen, instalazio bat egin nahi zuela esateko. Ondoren, administrazioan eman beharreko pausoak eman dituzte. Martxoan dokumentua bidali zuten eta eragina aztertzen hasi ginen. Eta Antzuolarekin harremanetan jarri ginen. Proiektuak ez du zentzurik, mendia txikitzen baitu. Astakeria bat da. Eta dorreak Urretxuko etxe-orratza halako hiru dira. Jaurlaritzari zentzurik ez duela eta aurka gaudela esan diogu. Alegazioak aurkezteko epea egongo da eta, administrazioaren baliabideekin, aurre egin behar zaio».
Oposiziokoen iritzia
Nati Nieves PSE-EEko bozeramaleak ere beraien postura azaldu zuen. «Ez gaude energia berriztagarrien aurka. Otsailean plaka fotovoltaikoen egitasmoa onartu genuen. Baina hori bertako kooperatiba batek sustatuko du eta eolikoek, ordea, sekulako kaltea egingo dute. Parke eolikoa ez egitea espero dugu».
EH Bilduko Nekane Oruesagastik EAJren postura kritikatu zuen. «EAJk energia eolikoa sustatu behar dela dio eta horrek gaurkora ekarri gaitu. Jaurlaritzak Lurralde Plan Sektoriala egingo zuela agindu zuen eta oraindik ez du egin. Aurrerapen dokumentuan Irimo bezalako eramuak ez direla egokiak dio, baina Plana oraindik onartu ez izanak hau ekarri du. Herri mailan denok ados egoteak poztu egiten gaitu».
Luquik Udalaren jarrera garbia eta irmoa dela erantzun zuen. «Lehendik ere argi utzi dugu Irimo noraino nahi dugun babestu. Udalera iritsi orduko bertako lur batzuk erosi genituen eta babesa berritu». Zentral eolikoak ez direla egingo uste du. «Ez dut uste proiektuak aurrera egingo duenik. Ez du zentzurik. Baina horrek guztiak Irimon zer dagoen ikusteko balioko digu. Lursail asko pribatuak dira eta egin ezin diren gauzak egiten dira».