Ekaina produktu berriz emankor
Lehen aldiz baba txiki freskoa ekarri dute, garaiko lehen lekak eta mugurdiak ere bai. Mikologia atalean, oraindik ere udaberriko zizak dira nagusi.
Goizean goizetik giro ederra, 14 gradu, hori ere jendea erakartzeko aproposa izaten da. Jendea goiz mugitu zen atzo. Ekainak estreinu polita izan du, produktu berriek ematen dioten deigarritasuna lagun. Lehen leka edo baina, esate baterako. Azkoitiko Kurutziakoak ekarri zuten lehen kaxakada goizeko zortzietarako saldua zuten, 5,5 euroan kiloa. Datorren astean gehiago ekartzeko esperantza dute, oso ondo ematen hasi baitira esan dutenez.
Baba txiki freskoa
«Ez dut nik sekula hori hemen salgai ikusi, lehorra jan izan dugu baina freskoa ez». 60 urtetik gora ferian dabilen Orendaingo Pepita Aiestaranek esan zigun. Zeraingo Mendarteko Iñaki Intxaustik ekarri du. Udazkenean aipatu zuen hori ereiteko asmoa zuela, frogatzeko. Esan eta egin. Aleka haziak erein eta atzo lehen kiloak (8€) salgai. «Berdean bildu dut. Ilarraren antzekoa da. Azala babarena baina finagoa du eta bete-betea da. Batzuetan babari barneko azala kendu egiten zaio, honek ez du horren beharrik, gustua fin-fina du freskoan jateko, gordina ere goxoa da!». Eta hala dela geu lekuko. 8 euroan kiloa salgai jarri du. Horrela saldu ezean lehortzen utzi eta urtean zehar baba txikia beti jan izan den moduan jateko ere prest legoke.
Fruitu gorriak ugaritzen
Marrubiak ekartzen hasi zen atzo hamabost Aramako Goiko Etxeberriko Arantxa Zurutuza. Atzo mugurdiak ekarri zituen. 175-250 gramo arteko ontzietan prest, 15€/k. Laster Gabiriako Oñatibi txikiko gereziak ere izango ditugu.
Bestalde sagarrak urritzen ari dira, normala den bezala. Errezila da geratzen direnen artean ugariena, gainerakoak Bella booskop, errege sagar grisa eta etxeko sagarra diotena. Fuji eta Jubileren azken kiloak atzo bertan saldu ziren. Limoiak ere bukatu dira.
Udaberriko ziza nagusi
Mikologia atalean udaberriko ziza da nagusi oraindik; 200 kilo, 20-44 €/k. Onddo, zizahori eta boilurraz gain aurtengo lehen karraspina Morchella esculenta salgai izan ziren Lasaren postuan, 5 kilo, 30€/k.