Euskaldun txapelketako saio bikoitza jokatuko da, Beasainen eta Ataunen
Loinatz proban, larunbatean, eta San Martin proban, igandean, 130na kilometro inguruko etapa gogor bana dituzte amateurrek. Goizean jokatuko dira bi karrerak. Bospasei mendate dituzte
Afizionatuen txirrindularitzak Goierri izango du asteburu honetan joko zelai. Bi karrera jokatuko dituzte eliteko eta 23 urtez azpiko ziklistek, biak ere Euskaldun txapelketarako baliagarriak: larunbatean Beasainen 71. Beasain Proba, eta igandean Ataunen 57. San Martin Proba.
Festetan murgilduta dagoen Beasainen, mozorrotuen eguna girotzeko, 09:30ean abiatuko dira txirrindulariak. 134 kilometro luzeko etapa prestatu du Loinatz elkarteak, bost mendaterekin: Larraitz eta birritan Olaberria 2. mailakoak, eta Atagoiti bi aldiz (3. mailakoa).
Beasaindik irten, eta Ordiziako Klasikoaren bira bat osatuko dute lehenik, Alegiaraino jaitsi, eta Amezketatik gora Larraitzera igota (35,5. kilometroa). Beasaingo tarteko helmugatik igarota, hurrengo bira gogorra daukate: Ormaiztegitik Atagoiti (75.km-a) alde batetik, eta Telleriartetik eta Brinkolatik itzuli egin ondoren, Motxorrotik gora beste aldetik berriro (87.km). Olaberria gainditu beharko dute jarraian, Ihurretik (103.km).
Helmugaratzea 12:50ean
Loinatz probaren 25 kilometroko azken bira ere Gabiria aldera egingo dute. Ormaiztegitik goiko errepidetik igo, eta behekotik jaitsiko dira. Berriz ere Olaberria zain izango dute, ordurako epaitua ez bada, karreraren epaile.
Abiadura kalkulu azkarrenean (40 km/h), 12:51n iritsiko dira Beasaingo helmugara.
Ataunen igandean
Ataunen, San Martin auzora bilduko dute atzera lasterketa, azken bi aldietan eskola ingurura eraman ondoren, pandemiagatik. Beasaingoa baino laburtxeagoa izango dute Ataungo lana: 124 kilometro. Baina sei mendate ere bai, azkena Urkillaga.
Igande goizeko 10:00etan hasiko da San Martin Proba. Agauntza elkarteko antolatzaileek ere Klasikoaren ibilbidera jo dute, etapa diseinatzerakoan: Abaltzisketako itzulia lau aldiz osatuko dute. Lehenengo eta hirugarren pasaeretan, ordea, Orendainera hartuko dute handik, bira laburtzeko.
Azkeneko 24 kilometroetan, asko laztuko zaie ibilbidea. Zaldibiatik gora Lazkaomendi eta azken unean Kaxetatik gora Urkillaga igo beharko dituzte, 2. mailako mendateak biak. 13:06rako dago aurreikusita helmugara lehenengoak iristea.