Gari Lazkaoko Arerian ariko da bihar iluntzean, Maldanbera taldearekin
Lazkaon hasiko du Garik bere lehenengo zuzeneko diskoa izango denaren grabazio-bira. Guztira lau kontzertu eskainiko ditu, eta horietan jasotako gaiarekin onduko du Elkarrek udazkenean argitaratuko duen diskoa.
Azken urteetan ohi bezala, Maldanbera taldea izango du lagun Garik proiektu berrian: Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua, teklatua eta ahotsa), Miguel Moyano (gitarra, teklatua, programazioak eta ahotsa), eta Unai Mimentza (soinu teknikaria) eta John Luhman (argiztapena).
Lazkaoko kontzertua bihar 20:15ean hasiko da. Sarrerak lazkao.eus webgunean eros daitezke (15 euro). Hurrengo kontzertuak Bilbon (Arriaga, ekainak 7), Algortan (10) eta Bergaran (Seminarixuan, 17an) ditu Garik.