Sant Boin jokatuko da titulua
Igandean, UE Santboiana taldearen aurka jokatuko du Ampo Ordiziak errugbiko ligako finala. Jokalariak «baikor» daude, El Salvador taldearen aurka arantza kendu eta gero
Ampo Ordizia eta Santboiana dira Errugbiko Ohorezko Mailako aurtengo finalistak. Igandean, 12:00etan jokatuko dute finala, Sant Boiko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Baldiri Aleu zelaian.
Finalera iristea beti da pozgarria, are gehiago, finalerako txartela, El Salvadorren aurka, 27-30 irabazi eta gero lortuta, non eta aurkariaren etxean, Pepe Rojo zelaian. Aurten, bitan bisitatu du Ampo Ordiziak berdegune hori eta garaipena eskuratzeko guztiak eman bazituzten ere, bietan egin zien ihes. Azkena, apirilaren 2an, Errege Kopako finaleerdietan.
Iragan igandekoa ere, zailtasunez beteriko partida bat aurreikusten zen, bai aurrekariengatik, bai jokoan zegoenagatik baina aspaldiko arantza kendu zuten Ampo Ordiziako mutilek. Fin hasi zuten partida, lehenengo minututik neurketan ondo sartuta, eta berehala markagailuan aurretik jarri ziren. El Salvadorrek ez zituen gauzak guztiz erraz ipini baina hutsegite dezente ere egin zituen. Ampok aurkariaren akatsak probesten jakin eta bere jokoa egiten asmatu zuen.
Finalerdiko protagonistetako bat izan zen Valentin Cruz joko irekitzaile argentinarra. Ampok egin zituen 30 puntuetatik 13 gauzatu zituen. Partida amaitzeko sei minuturen faltan, El Salvador aurretik zegoen markagailuan, eta Andell Loubserek egindako entsegua egin eta gauzatu zuen Cruzek, markagailuari buelta emanez eta Ampok hiru puntuko aldea lortuz. Hortik aurrerakoa «anbiguoa» izan zela aitortu du Cruzek, «bietako edonork zituelako irabazteko aukerak». Amaierara iritsita, «poz handia eta lana ondo egin izanaren sentipenarekin» izan zuela nabarmendu du.
Denboraldian zehar puntuazio garrantzitsuenak lortu ditu argentinarrak, are gehiago, azken lau denboraldietan Espainiako Errugbiko Ohorezko Mailan puntu gehien gauzatu dituen jokalaria da. Hala izanda ere, Cruzek pisua kentzen dio balentriari esanez «nik niri dagokidana baino ez dut egiten, puntu horiek talde lanaren emaitza dira».
Horiek aparte, partida hain exijentearen ondoren eta ligako azken partida dela kontutan izanda, «aste hasieran neke pixka bat» izan zuela aitortu du, baina dagoeneko igandeko finalerako «prest» aurkitzen dela; «aste bat gehiago bezala ari gara lanean, eta iganderako ondo iritsiko gara».
100 urteko historia duena
Arerioaren inguruan Cruzek esan du «aurreko asteburuko El Salvadorren pare» dagoela, «oso fisikoak» direla eta «joko ona» egiten dutela. Uste du, «partida borrokatua izango dela». Errugbiaren munduan erakunde historikoa da Santboiana, 2021 urteko uztailean bete zituen 100 urte. Errugbiaren aitzindari da Katalunian eta Espainian, hainbat aldiz txapeldun nazio mailako kategoria guztietan eta milaka jokalariren prestatzaile.
Pisuzko arerioa izango dute baina hala ere, lasai dago Cruz; «formula magikorik ez dago, orain arte bezala lan egingo dugu igandean ere», hau da «gure jokoa proposatuko dugu, gure ideiak, eta horrela egingo dugu, konfidantza osoa dut».
Lander Mujika harrobiko jokalari ordiziarrak berriz aitortzen du, hitzordua gerturatu ahala urduritasun puntu bat sentitzen ari dela. Aurtengoarekin seigarren urtea du Ohorezko mailan. Txikitatik errugbi zalea, duela 10 urte Ampo Ordiziak irabazitako Kopako finaleko lekuko izan zen, harmailetan. Aurten, Ligako finalean zelaian biziko du, eta «ohore handia» dela aitortu du. Azkeneko asteetan egindako «lan ona» nabarmendu du, «baikor gaude eta igandean erakutsi genuen».
Sant Boira begira «antzeko sentipenarekin» daudela esan du, baina «hankak lurrean izanda beti ere». Zelaian eskainiko dutenaz esan du, «batez ere irabazteko gogoa», zeren argi du «kalitatezko jokoa egiten duen taldea» dela Ampo. Igandean beraz, «gure jokoa egiten jarriko ditugu ahalegin guztiak».
Liga irabaziz gero nori eskainiko dion galdetuta, argi du erantzuna: «Irabazten badugu, Kawaren jaioterrira eramango dugu garaikurra».