BDZk CAFen batzar orokorreraino iritsi nahi du
CAFen akziodun nagusiek batzarra egingo dute larunbatean Beasainen. BDZ mugimenduak kontzentrazioa antolatu du atarian, Jerusalemgo tranbiaren egitasmoa eteteko eskaria agendan txertatzeko nahaiarekin
CAFeko akziodunen batzar orokorra egingo dute larunbat eguerdian, Beasaingo lantokian. Gai-zerrendan bederatzi puntu jasota dauden arren, CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaren inguruko eztabaida ez dago aurreikusita. Euskal Herriko BDZ mugimenduak gaia batzarrera eraman nahi du, kanpotik bada ere. Akziodunak ez direnez elkarretaratzea egingo dute atarian, 11:45etatik aurrera.
Protesta erdiguneraino lekualdatuko dute gero. Kalejiran ibiliko dira alde zaharrean barrena.
CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik eskariak bi urte bete ditu. Proiektuak aurrera jarraitzen duen arren, DBZ kolektiboaren arabera “inoiz baino ozenago” entzuten dira proiektuaren aurkako ahotsak. Manifestua Euskal Herriko 70 sindikatu, alderdi politiko eta gizarte eragile eta erakundek baino gehiagok sinatu dute. Tren arinak legez kanpoko koloniak lotuko dituenez Beasaingo multinazionalari “konplize” izatea egozten diote.