Loinatzetan Orian pilatutako zaborrak ateratzeko herritarren laguntza eskatu dute
Zaldizurretako biribilgunetik Gipuzkoa plazako zubirainoko zatia garbituko dute, festagune erdi-erdian dagoenez bertan pilatu delako zabor gehien
Oria ibaia garbituko dute herenegun, “beharrezkoa” delako. “Bereziki”, Loinatz Jaiek utzitako ajearen ondoren. Izan ere, festetan herriguneko ibaiaren arroan zabor eta hondakin asko pilatu da. Zaldizurretako biribilgunearen eta Gipuzkoa plazako zubiaren arteko ibai-bidean egingo dute lan.
Ostegunean egin dute hitzordua, 17:00etan, Arana kalean. Haimak jarri zituzten gazteek joango zirela hitz eman zuten, baina aurreko garbiketetan bildutako zabor kiloak kontuan izanik, Beasaingo Udalak deialdi irekia egin du. Antolaketa egokia burutu ahal izateko eta garbiketa lana baldintza egokietan egiteko, parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du galdetegi hau betez.
Ibaian sartzeko oinetako egokiak eta arropa erosoa eramateko abisatu dute. Eskularruak udalak jarriko ditu.
Beasaingo Udalak gogorarazi du herria txukun mantentzea eta natur ondarea babestea “ezinbestekoa” dela, herritarren ongizatean “eragin zuzena” duelako. “Gogorarazi behar da ura oinarrizko bizi-ondasun bat dela, gure mendeko ekosistemak sostengatzen dituena eta gure ongizaterako zaindu eta kudeatu behar duguna. Ibaiak ur inguruneak dira eta hauen babesa eta kontserbazioak eragin zuzena du gugan”. Udalak ibaiko landareriaren mantenua eta arroaren garbitasuna bermatzeko konpromisoa berretsi du, “etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko”.