Sortzaileen lana hauspotzen
Itziar de la Granja, Popatik, 'Herriak ez du barkatuko' eta 'Emakume jaio zara, hilekoa izango duzu eta ama izango zara' izan dira Arteriaren diru laguntzen irabazleak
Arteria Goierriko sormen lantegiak 2021eko diru laguntzen deialdiko sariak banatu ditu Arterialdiaren II. jardunaldian, Legorretako Herri Antzokian. Goierriko herrietan haien proiektuak ezagutarazteko emanaldiak egingo dituzte irabazleek. 21 proiektu aurkeztu dira aurtengo deialdira, eta 18 pasatu dira bozketara. Arte klasikoa, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza, poesia… disziplina ezberdinetako proposamenak izan dira.
Ekimenetan jorratutako gaiek giza eskubideak izan dituzte oinarri: Hezkuntza eta nortasuna, COVID-19a eta izua, emakumea eta jasaten duen bortizkeria, Euskal Herriak jasan duen gatazkak sortutako eskubideen urraketa larriak, maitasuna, maskulinitate ereduak, transexualitatea, askatasun sexuala eta sexu identitatea…
Transmisio moduak
Bilatzailearen erabilera sustatzeko diru laguntza Itziar De La Granjarentzat izan da, artetik baztertuta daudenen inguruko proiektuarekin. «Harreman sozialak saretu eta bazterrean daudenentzako nolabaiteko aterki bat sortzea da helburua, bertan aterpe bat izan dezaten, transmisio moduetan sakondu eta elkarri begiratzeko beste modu bat bilatzeko», azaldu du lanari buruz De La Granjak.
Plataforma atalean bi diru laguntza banatu dituzte. Bozka gehien izan dituen proposamena Popatik proiektu poetiko-musikala izan da, Xabier Crehuet-ek, Aingeru Mayor-ek eta Ekaitz Goikoetxeak osatua. Goikoetxeak proiektuan lantzen dituzten gaiak jendarteratzearen garrantzia azpimarratu du: «Sexua, maskulinitate ereduak… maitatzeko moduei buruz hitz egiten dugu, baina izan beharko genukeen sentiberatasunaz, gerraz…ere hitz egiten dugu».
Hirugarrena, erdibana
Plataforma ataleko beste diru laguntzan, berriz, Herriak ez du barkatuko eta Emakume jaio zara, hilekoa izango duzu eta ama izango zara proiektuen arteko berdinketa egon da. Lehenak, Irati Goikoetxeak azaldu duenez, «humanizazioa jartzen du erdigunean, Euskal Herrian azken hamarkadetan bizitako giroaren aurretik pertsonen mina eta sufrimendua ikusaraziz».
Bigarrenak, aldiz, «amatasunaren eta hilerokoaren inguruan dauden tabuak askatzen ditu», Jenny Arevaloren esanetan.
Irabazleek saria elkar banatzeko proposamena onartu dute.