Danborrak tenplean
Lazkaon 11 batukada talde eta 180 bat danbor jotzaile elkartuko dira larunbatean. Goizean eta arratsaldean kalejiran ibiliko dira. Batera 'Lazkao' erritmoa joko dute, inoizko joaldi handienean
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 11 batukada talde elkartuko dira, larunbatean, Lazkaon. Perkusio eta erritmo jotzaileen aurreneko juntadizoa antolatu dute herriko Suthai taldean jotzen duten zenbait lazkaotarrek, Lazkaoko Udalaren eta Laulagun enpresaren laguntzarekin.
Egun osoko festa izango da, 11:00etan hasita. Bi kalejira egingo dituzte, eguerdian bat eta arratsaldean bestea. Lazkaoko auzune eta kaleetara zabaldukodira batukadak. Festan izango dira Lazkaoko Suthai eta Itsasondoko Batukaleroak taldeak.
Guztira, 160 edo 180 danbor jotzaile bilduko dira. Plazako frontoian egingo dute herri bazkaria, Valentziako taldekoek prestatutako paella erraldoiarekin.
Festako une gorena 20:00ak aldera izango da, plazan. Valentziako Punkadeira taldeko zuzendariak konposatu duen Lazkao erritmoa estreinatuko dute. 180 jotzaileek batera joko dute, «inon inoiz» egin ez dena.
Gauean Gasteizko Moonshine Wagon heavy-bluegrass taldeak kontzertua joko du.













