Nostalgiaz beteriko jaiak ospatuko dira Hegialden, ostiralean hasita
Duela 42 urte atera zen Ttipi-Ttapa txaranga berreskuratu dute. Auto klasikoen topaketa ere egingo dute. Ohiko ekitaldiek osatuko dute bihar hasi eta igandera arte luzatuko den egitaraua
Aurtengo Hegialdeko jaiak bereziak izango dira. Hala agindu du jai batzordeak etxez etxe banatu duten esku programan. Izan ere, duela urte pare bat pandemiak jaien sorreraren 40. urteurrena ospatzea eragotzi zien, eta asteburuan urtemuga garrantzitsu hori gogoratzeko aukera eskainiko dute, hasierako urte haiei keinu egingo dieten ekitaldi batekin baino gehiagorekin.
Garai bateko txaranga eta auto klasikoen topaketa izango dira duela 42 urteko Hegialde gogora ekarriko duten ekitaldiak, eta jai egitarauko beste hitzorduak ohikoak izango dira. Bihar hasiko dira festak Doinuako musikari gazteen kalejirarekin, eta asteburu osoan zehar ospatuko dira.
Garai bateko txaranga
«Bakeroak, alkandora zuria, tiranteak, txapela eta turuta» alboan dituztela, 70-bat hegialdetar elkartuko dira ostiralean 18:30ean jaiein hasierako txupinazorako. Lehen urteetako Ttipi-Ttapa txaranga berreskuratu du jai batzordeak, «egun batean, jada urruna, hain zoriontsu egin gintuen fanfarrea». Doinua musika eskolako ikasleen eta Jesus Castillejoren laguntzarekin, kalejira umoretsu bezain hunkigarria egingo dute suziria jaurti ondoren. Karroza bat ere prestatu dute okasio horretarako.
Horiek dira aurtengo jaietako berritasun nagusiak, igande goizerako antolatu duten auto klasikoen topaketarekin batera.
Bestela, ohiko ekitaldiak izango dira Hegialden: erraldoi eta buruhandiak, herri afaria, barrakak, haurrentzako jokoak eta puzgarriak, era askotako musika, Jorostiren gonbidatuen dantza saioa, gaueko dantzaldiak…
Eta ohi den bezala, jaiei amaiera emateko, su artifizialak izango dira igandean, 22:00etatik aurrera.
Herri kirolak
Herri kirol jaialdia ere izango da igandean, 18:00etan. Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Aratz Esnaola arituko dira aizkoran, Joxe Mari Esnaola altueran egurra motzen, eta Jon Unanue Goenatxo, harria jasotzen.
Jai egitaraua
OSTEGUNA, HILAK 9
· 18:00. Musika eskolako kalejira.
OSTIRALA, HILAK 10
· 18:30. Txupinazoa. Ttipi-Ttapa txaranga. Pintxoa eta ardoa. Buruhandi eta erraldoiak.
· 20:00. Trikiteens, dantzaldia.
· 22:00. Afari herrikoia.
· 00:00. Trikiteens, dantzaldia.LARUNBATA, HILAK 11
· 11:30-13:00. ‘La maleta de Lekim’.
· 13:00. Alaitasuna errondailla.
· 14:30. Sahararren aldeko paella.
· 17:00. Ttipi-Ttapa txaranga.
· 18:30. Manuel de Manzanares.
· 19:30. Arku tiraketa saioa.
· 20:00 eta 00:00. Jamaika Show.IGANDEA, HILAK 12
· 10:30. Meza, Domingo Agirren.
· 10:30-14:30. Ibilgailu klasikoak.
· 11:00-15:00. Jolasak-puzgarriak.
· 12:00-15:00.Trio de media noche.
· 16:00. Sptunik goitibeherak.
· 18:00. Herri kirolak.
· 19:00. Urolatarrak txaranga.
· 22:00. Su artifizialak.