Aire zabaleko denboraldia martxa onean doa Goierriko atletentzat
Euskadiko eta Espainiako txapelketan dominak lortu dituzte goierritarrek. Aratz Cendon eta Uxue Artola Euskadiko selekzioarekin. Urko Etxebestek errekor berria ezarri du
Aire zabaleko atletismo denboraldiko ia erdigunean sartuta, lehiaketak pilatzen ari zaizkie atleta goierritarrei. Iragan asteburuan adibidez, Euskadiko txapelketa absolutua jokatu zen Landako estadioan Durangon (Bizkaia), Espainiako master txapelketa La Nucia-n (Alacant, Herrialde Katalanak), eta Federazio arteko Espainiako txapelketa.
Euskadiko txapelketan domina ugari eskuratu dituzte. Txindoki taldeko Iraia Mendia Euskadiko txapeldun izan zen 1.500 metroko lasterketan, 4:37:06 denborarekin. Gari Garmendia (Real Sociedad) atleta idiazabaldarra ere Euskadiko txapeldun izan zen pisu jaurtiketan, 14.85 metroko jaurtiketa eginda. Mailu jaurtiketan ere, goierritar bat igo zen podiumeko maila gorena, Dorleta Oiarbidek (At. Sansebastian) 49.47 metroko markarekin urrea jantzi baitzuen. Pisu jaurtiketan, Txindoki taldeko Ane Torres gailendu zen, 12.97 metroko markarekin. Eta azkenik, Txindoki taldeko Irenia Apaolaza, 200 metroko lasterketan, 24.88 denborarekin, Euskadiko txapeldunorde izan zen.
Masterrak dominekin
Espainiako master txapelketan parte hartu zuen Lurdes Intxausti (Atletico Renteria) idiazabaldarrak eta mailu jaurtiketan hirugarren egin zuen, 25.88 metroko markarekin. Pisu jaurtiketan berriz, bosgarren geratu zen. Intxaustik bi asteburu bikain egin ditu. Izan ere, astebete lehenago Durangon jokatu zen Euskadiko master txapelketan, titulu bikoitza lortu zuen: mailu jaurtiketa irabazi baitzuen, 28.48 marka pertsonal eta errekor berriarekin, master 55-59 kategorian; eta pisu jaurtiketan 8.87 metrorekin. Txapelketa berean izan zen Txindoki taldeko Angel Perez Pululu, hirugarren egin zuen 1.500 metrotan eta laugarren 5.000 metrotan, master 50-54 kategorian.
Gazteak hortzak erakusten
Euskadiko atletismo selekzioak deituta, federazio arteko Espainiako txapelketan izan ziren Txindoki taldeko Aratz Cendon eta Uxue Artola. Cendonek, pisu jaurtiketan, bosgarren postua lortu zuen, 15.28 markarekin. Artolak berriz hamahirugarren egin zuen disko jaurtitzen, 25.29 metroko markarekin.
Gipuzkoako errekor berria
Txindokiko Urko Etxebestek, 16 urtez azpikoen Gipuzkoako txapelketan, marka pertsonala eta Gipuzkoako errekor berria ezarri zuen, 4:25.16ko denborarekin.
Ekainaren 18an jokatuko da Peñaren mitina
Datorren ekainaren 18an, larunbata, jokatuko da seigarren Ordizia Sari Nagusia-Jose Antonio Peñaren omenezko mitina. Altamira estadioan izango da, 18:00etatik aurrera.
Egun horretan, nazioarte mailako atleta onentsuenak izango dira Ordizian. Horiez aparte, haurrek ere izango dute parte hartzeko aurkera, benjamin (50 metro) eta alebin (60 m. eta 500 m.) mailako probetan.
Parte hartu nahi duten haurrek izena eman beharko dute aurretik. Horretarako Txindoki AT-ren sare sozialetan.