Asteartean estreinatuko dute 'Zure platerean hasten da mundua' dokumentala
On Produkzioek eta Landarlanek elikaduraren inguruan egin duten ikus-entzunezkoa Herri Antzokian estreinatuko dute. Egileek eta protagonistek ere parte hartuko dute.
Jateko eta kontsumitzeko moduak osasunean, naturan eta arlo sozial nahiz ekonomikoan duen eragina aztertu dute Landarlan Ingurumen Elkarteak eta On Produkzioak ekoiztetxeak, Zure platerean hasten da mundua dokumentalean. Datorren asteartean, hilak 14, estreinatuko dute, Ordiziako Herri Antzokian. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta dokumentala proiektatzeaz gain, bertan parte hartu duten egileek, ekoizleek eta aktoreek ere parte hartuko dute aurkezpenean. Solasaldiaren ondoren, bertako produktuez osatutako dastaketa eskainiko dute.
Dokumentalak “gure elikatze eta kontsumo ohituren inguruko hausnarketa” bultzatu nahi duela azaldu dute egileek. “Gure plateretik mundua aldatu dezakegula erakutsi nahi izan dugu, naturarekin errespetuz arituko den mundu baterantz alegia, mundu iraunkor eta bidezkoago baterantz”.
Ikuskarian, hiru baserriren eta kontsumitzaile baten errealitatea ezagutaraziko dute, haien filosofia eta lan egiteko nahiz erosteko modua azalduz. Tartean, fikziozko atal bat ere sartu dute, Maria Redondo, Maitena Salinas eta Andoni Aizpuru aktore lanetan jarrita. Filmaren zatirik handiena euskaraz da, gaztelaniazko azpitituluekin.
Bigarren pausua, sentsibilizazioa
Behin dokumentala estreinatutakoan, herriz herri ibiliko dira emanaldiak egiten. Baina horrez gain, sentsibilizazioaren arloa ere jorratu nahi dute. Horretarako, Landarlanek eta EHKOlektiboak elkarlanean jardungo dute, hainbat arlotan eragiteko asmoz.
Batetik, gaiarekin lotutako heziketa baliabideak sortuko dituzte, eta naturanhezten.eus eta ehkolektiboa.eus webguneetan jarriko dituzte eskura. Bestetik, herriz herriko sentsibilizazio kanpaina egingo dute, dokumentalaren emanaldiak eta hausnarketa saioak eskainiz, eskolekin sentsibilizazio jardunaldiak eginez, edota baserri eta etxaldeetara bisitak antolatuz, besteak beste.