Berdintasunaren aldeko II. futbol txapelketa jokatuko da larunbatean, lau herritan
Ordizian, Beasainen eta Lazkaon izango dira kanporaketa faseak, eta finalerako fasea Idiazabalen. Igandean, berriz, 5. Irantzuren Memoriala jokatuko da, Beasaingo Loinatz futbol zelaian
Futbol festa izango da asteburuan Goierrin, Goierri Gorri Futbol Klubak, Real Sociedad Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Larunbatean, Berdintasunaren aldeko II. futbol txapelketa jokatuko da, lau herritan banatuta, futbol zortziko modalitatean. Infantil mailako nesken hamabost taldek parte hartuko dute. Ordiziako Altamira, Beasaingo Loinatz eta Lazkaoko Arizti Haundi zelaietan jokatuko dituzte kanporaketa faseak, eta finalak Idiazabalgo Arizkorretan.
Zelai guztietan 10:00etan hasiko dira partidak. Beasainen, Beti Kozkor, Real Sociedad, Martutene, Goierri Gorri D eta Goierri Gorri A taldeek jokatuko dute lehenengo fasea; Lazkaon, Intxaurdi, Goierri Gorri, Billabona, Euskalduna eta Goierri Gorri B taldeek; eta Ordizian, Mariño-k, Biak Bat-ek, Zarautz-ek, Goierri Gorri C-k eta Aizkorri Goierrik. 20 minutuko partidak izango dira lehenengo faseetakoak, atsedenik gabe.
Finalerako zelai bakoitzeko aurreneko bi taldeak sailkatuko dira, guztira sei talde. Azken fasea, Idiazabalen, 15:30etik 18:30era izango da, eta final handia 18:00etan izatea aurreikusi dute. Finaletako partidek 30 minutu iraungo dute, 15 minututako bi zatitan banatuta.
Taldeen arteko berdinketa badago, jokatu dituzten partiden emaitzari erreparatuko zaio, eta berdinketak jarraitzen badu, penaltietan erabakiko da irabazlea zein den.
Irantzuren memoriala
Igandean ere jarraituko du futbol festak. Irantzuren 5. memoriala izango da, Beasaingo Loinatz zelaian. Goierri Gorriko alebin nesken arteko futbol partidak jokatuko dira lehendabizi. Ondoren Memorialeko ekitaldi nagusia hasiko da. 11:30ean, Goierri Gorrik Real Sociedad C taldearen aurka jokatuko du, eta 13:00etan memorialeko sari banaketa egingo da.