Legazpiko kalean zenbat zabor biltzen den erakutsi dute Ttak kanpainarekin
Herriko bost gune garbitu gabe utzi dituzte 12 egunez, eta hamar zabol poltsa bildu dituzte amaieran. Faroletan zintzilikatuko dituzte orain. Pipa azalen inguruko ekimena, arrakastatsua
Ttak Legazpi Garbi bigarren fasean sartu da, eta herria garbi mantentzen lagundu nahi duen kanpainaren bilakaera azaltzeko, agerraldia egin zuten atzo Laubiden bertan inplikatuta dauden agenteetako batzuek. Udaletik, Maite Lonbide zinegotzia, Inma Hernandez teknikaria eta Xabier Arrondo kale garbitzailea izan ziren, eta ondoan izan zituzten Mattin Osinalde, Josu Moreno eta Bittor Larraza diseinatzaileak, eta Hegialdeko kioskoko Chelo Gomez.
Ttak kanpainak bi atal ditu, bata kale garbiketarekin zerikusia duena, eta bestea pipa azalen inguruan garatzen ari dena. Lehen fasean, herriko hainbat gune garbitu gabe utzi dituzte herritarrei erakusteko zenbat zikintzen diren, eta pipa azalak biltzeko ontziak banatu dituzte, azalak lurrera bota ez daitezen.
Zabor poltsak faroletan
Zabor poltsez inguratuta agertu ziren Ttak kanpainaren eragileak. Maiatzaren 25etik ekainaren 5era arte Latxartegi parkea, Kultur Etxe ingurua, Nafarroa 18ko harrizko eserlekuaren eremua, Agirre-Etxeberriko lorategiak eta Laubide kalea garbitu gabe eduki ondoren bildutako zaborra zen, hamar poltsa. Normalean asko zikintzen diren guneak dira, eta garbitu gabe nola gera daitezkeen erakutsi nahi zen ekintza horrekin.
Arrondo kale garbitzaileak ez zituen gune horiek besteetan baino zikinago aurkitu, eta zabor gehiena plastikozko poltsak zirela azaldu zuen, zigarro punta eta pipa azalekin batera. Plazako parkea, papertegi zaharreko baskula ingurua eta gozoki denda ondoak geroz eta gehiago zikintzen direla ere aipatu zuen.
Bestalde, edukiontzietara botatzen diren kartoiekin gertatzen dena azaldu zuen. Umeek jolasteko ateratzen dituzte kartoiak, eta gero ez dituzte jasotzen. Tabernetako terraza batetik bestera alde handia dagoela ere esan zuen, batzuek ez dituztelako behar bezala garbitzen.
Orain poltsak faroletan zintzilikatuko dituzte, eta garbitu gabe egon diren gune horiek garbi eta zikin erakusten dituzten argazkiak jarri dituzte. Kontzientziak astintzea da helburua, herritarren jarrera aldaketa bati begira.
Pipa azalen inguruan
Arrondok pipa azalen arazoa ere aipatu zuen, oso zaila baita lurretik biltzea. Horregatik jarri da martxan jarduera berezi bat horien inguruan, herriko lau gozoki dendekin elkarlanean. Pipak erostean, kartoizko ontzi bat oparitzen dute, azalak bertan bildu eta gero denda bakoitzean jarrita dagoen ontzira botatzeko. Horren truke, snack bowl edo katiulu batzuen zozketarako txartela ematen dute. Hegialdeko kioskoko Chelo Gomezek azaldu zuenez, arrakasta handia izaten ari den ekimena da.
Lehen zozketak egin dituzte, eta hauek izan dira katiluen irabazleak: Arif dendan, Unax, Idoia eta Maialen; Gazi-Gozon, ker, Jakes eta Maialen; Hegialde Kioskoan, Egoitz, Beñat eta Ane; eta Hegialde Legazpin, Itzal, Isabel eta Andoni.
Beste bi zozketa geratzen dira oraindik, eta Ttak kanpainaren amaiera ekitaldia; ikuskizun bat egingo dute Kale Nagusian, ekainaren 23ko arratsaldean.