Legazpiko sozialistak energia komunitateen alde
Eraikin publikoetan plaka fotovoltaiko gehiago jartzeko eskatu dute, baita udalak energia komunitatearen proiektuari heltzeko ere.
Herriko eraikin publikoetan plaka fotovoltaiko gehiago jarri behar direla adierazi dute Legazpiko sozialistek, aste honetan kaleratu duten ohar batean. Bertan jaso dutenez, gaur egun Legazpiko eraikin publikoetan 250 modulu daude instalatuta, CEIDAko teilatuetan, udaletxean, Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetan eta kiroldegian, 75KW ekoizteko ahalmenarekin.
PSE-EEren ustez, kopuru hori “ia bikoizteko” gai da Legazpi, eta horregatik sartu dute 30.000 euroko inbertsioa udal aurrekontuetan, kiroldegian plaka fotovoltaikoen kopurua handitzeko, hain zuzen. Baina “etorkizunari begira”, ikastetxeetan eta CEIDAn plaka gehiago jartzeko aukera dagoela uste dute, baita Urbeltz pilotalekuan eta Meazti Etxean instalazio berriak instalatzeko ere.
Energia gastua eta energia komunitateak
Plaka fotovoltaikoen bidez energia gehiago ekoizteak eraikin publikoen kostu elektrikoak murriztuko lituzkeela diote sozialistek, eta, aldi berean, “gaitasuna ere ekarriko lioke Legazpiri, energia komunitate baten sorrera bultzatzeko, Zumarragak, Urretxuk eta Beasainek egin duten bezala”.
Tokiko energia komunitateek energia trantsiziorako dituzten onurak ikusita, eta energia kontsumoan alternatiba jasangarria eta ingurumena errespetatzen duena denez, “Legazpiko hainbat etxe eta saltoki” ekimen horren onuradun izan daitezkeela iruditzen zaie, eta horregatik uste dute “udalak lehenbailehen abiatu behar duela udal aurrekontuetan jasota dagoen komunitate energetikoaren proiektua”.