Uggasak kultura energetiko berri baten aldeko apustua egin du
UGLEk plaka fotovoltaiko mugikor bat garatu du. Etxez etxe eramango dute, herritarrek eguzki energia ezagutu dezaten. Sentsibilizazioa da helburua
Uggasa garapen agentziak hiru erronka zehaztu ditu datozen bi urteetarako eta horietako bat kultura energetiko berri baten sustapena da.
Energia Plana lantzen ari da, Energia Mahaian. Mahai horretan udalek, UGLE lanbide eskolak eta Uggasak parte hartzen dute. Energia Planeko ekintza planaren barne, plaka fotovoltaiko mugikor bat garatu dute. «Plaka fotovoltaiko mugikor hori UGLEk garatu du. Azterketa bat egin dugu zer eman dezakeen ikusteko eta sentsibilizazioa lantzeko aproposa dela ikusi dugu», azaldu du Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak. «Plaka fotovoltaiko mugikorrak Aldundiaren arreta piztu du, baina Plana zabalagoa da. Bost ekintza aurreikusi ditugu 2022 eta 2023rako».
Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak plaka fotovoltaikoen plataforma mugikorrak jendeak etxean plakak jarrita lor dezakeena ikusteko balioko duela uste du. «Ezagutza asko dago eta aprobetxatu egin nahi dugu. Plataforma gehiago egin beharko ditugu, lau herrietara zabaltzeko. Leku egokiak identifikatuko ditugu eta plataformak hilabete edo bi hilabete bertan utzi, ondorioak aztertzeko. 3 Kw sortuko dituzte, kontsumo zuzena egiteko. Baina energia biltzeko aukera ere emango du. Plataforma hau landa inguruan, adosatuetan… bakarrik jarri daiteke, baina balkoietan jartzeko kit bereziak ere badaude».
Ostalariak eta industria
Itziar Salaberria Uggasako zuzendari kudeatzaileak energiaren gaia 2016tik lantzen ari direla gehitu du. «Hasieran eraikin publikoetan zentratu ginen. Ekintza asko egin dira azken urteetan. 2021-2026 planean, berriz, beste sektore batzuengana heldu nahi dugu: landa inguruneko bizilagunak, ostalaritza, industria…».
2021-2026 planaren helburuak kultura energetiko berri bat sustatzea (eredu jasangarri, berriztagarri eta inklusiboa), eraginkortasun energetikoa lortzea, autonomia energetikoa sustatzea eta eskualdeko eragile ekonomikoei eredu aldaketa egiten laguntzea da.
2022 eta 2023rako aurreikusitako bost ekintzak ondorengoak dira: enpresetan plaka fotovoltaikoak jartzeko azterketa egitea, merkatariei eta ostalariei diagnostikoa eta aholkularitza eskaintzea, autohorniketa proiektuei laguntza ematea, energia bulego baten irekiera aztertzea eta tailerrak, aholkularitza saioak eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea.
Eraldaketa digitala
Uggasa garapen agentziak beste bi erronka ditu datozen bi urteetarako: eraldaketa digitalaren eta talentuaren kudeaketa industrian eta ekintzailetza kooperatiboari bultzada.
Eskualdeko enpresen lehiakortasunean eragiteko, bi ekimen nagusi landu dira azken hilabeteotan. Batetik, enpresen eraldaketa digitalean aurrerapausoak emateko proiektuak abiatu dira eta beste alde batetik pertsonen lidergoa eta talentua lantzeko proiektuak.
Ekintzailetza kooperatiboari dagokionez, helburu nagusia, lurraldearen beharrizanei erantzungo dien jendarte eta garapen eredu bat sustatzea da, bizitzaren sostenguan oinarrituko dena, eta bitarteko gisa pertsona eta komunitateen ahalduntzea bilatuko duena.
Hasteko, Uggasak formazio ziklo bat antolatu du Olatukoop eta Biziola ekimenen eskutik. Saio horiek eskualdeko erakunde publikoetako arduradun eta teknikariei eta tokiko garapenean interesa izan dezaketen herritarrei zuzenduta egongo dira eta irailean jarriko dira martxan.