Saharar haizeak ukitutako paella
Hegialdeko jaietan, 400 lagunentzako bazkaria prestatuko du Saniko Kuadrillak bihar. Lortutako dirua sahararren alde lan egiten duen Hare Haizea elkarteari emango diote
Saniko Kuadrilla beste paella erraldoi bat prestatzera doa. Hegialdeko jaietako biharko bazkarian 400-bat laguni emango diete jaten. Txartel guztiak salduta daude, eta sukaldariek dena prest dute. Beti bezala, bilduko duten dirua sahararrei laguntzeko izango da.
Patxi Otaegi, Jesus Mari Ugarte, Antonio Garcia, Angel Telleria, Juan Mari Iñurritegi, Javier Berasategi, Lourdes Lopez, Txus Herguedas, Jose Ramon Mujika, Pepe Algete, Remi Garcia, Josetxo Sagastizabal eta Jaione Garcia dira Saniko Kuadrilla. Gehienak San Ignazio auzokoak dira, eta hortik datorkio izena taldeari. Oraindik jende gehiagok osatzen duen kuadrilla horrek Kimu-Berri aterpean egiten zituen bazkarietan dago elkartasun paellen jatorria. Orduan, 40 lagunentzako paellak egiten zituzten, eta hainbeste mahaikideentzako prestatzeko gai zirela ikusita, Ardanbidetako zelaian Zingi Zango euskara elkarteak egin zuen lehen erromeriarako fitxatu zituzten.
Makina bat paella
Erronka handia zen, 150-bat lagunentzako paella izango zelako. Baina baiezkoa esan zuten, eta aurrera, Hegialdeko jai batzordearen paella ontzi handia eskuratu eta handitu ondoren, eta Maria Zabala sukaldariaren laguntza izango zutela jakin ondoren. Baldintza bakarra jarri zuten, jasotzen zuten diruak elkartasun helburua izango zuela. Taldean Hare Haizea sahararren aldeko elkarteko bi kide zeudenez, Patxi eta Lourdes, dirua hari emango ziotela erabaki zuten.
Ordutik, salda sekretu batekin errezeta hobetu eta osagaiak ondo kalkulatzen ikasi eta gero, paella asko eta asko egin dituzte. Legazpin jai askotan izan dira, eta herritik kanpo ere bai: Gautenaren festan, Gabiriako eskola txikien egunean, Zumarragako La Salle-Legazpiren jaian, Haztegi ikastolaren eta La Salle eskubaloi klubaren urteurrenetan, Geltokietako festetan…
Baina urte asko dira zeregin horretan, eta orain erreleboa eman nahi dute. Pozik daude, badagoelako paellak egiteko prest dagoen jende gazteagoa.
Sahararren alde
Paellekin ateratako dirua Hare Haizeari ematen diote beti, sahararren alde lan egiten jarraitu dezan. Errefuxiatuen kanpalekuetara elikagaiak eta bestelako produktuak bidaltzeko erabiltzen du elkarteak dirua batez ere. Patxik azaldu duenez, «hango egoera ez da erraza, are gutxiago Espainia eta Argelia arteko tirabirak areagotu diren honetan».
Oporrak Bakean proiektuan dabil sartuta orain Hare Haizea, nahiz eta aurten oso ume gutxi etorriko diren Goierri garaira.